GAUR8 - mila leiho zabalik

«Pozoi Larroxa», itxialdian LGTB+ komunitatearen «biziraupenerako» liburuxka

Hiruki Larroxa Kolektiboak «Pozoi Larroxa» LGTB+ lagunentzako biziraupenerako liburuxka zabaldu du Interneten. Konfinamendu egoera honetan, «ihes-gune askatzaileak» desagertu eta «beraien izatea onartzen ez den etxeetara bueltatzera behartuta» dauden lagunei zuzenduta dago bereziki, «baliabide eta motibazioekin elkar pozoitzeko».

Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna Gasteizen, artxiboko irudian. (Endika PORTILLO/FOKU)

Konfinamendu egoera honetan LGTB+ lagunen «biziraupenerako» baliabideak eta motibazioa zabaldu nahi dituen “Pozoi Larroxa” liburuxka plazaratu du Hiruki Larroxa Kolektiboak, eta interneten eskura daiteke, http://labur.eus/PozoiLarroxa0 helbidean.

Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduaren partaide den kolektiboak itxialdi egoera honetan ekarpen giza aurkeztu du ekimen hau, egoera oso zail batean bizi diren LGTB+ lagunei hainbat baliabide eskaini eta haien motibazioa indartzeko.

«Beharrezkoa ikusten dugu pozoia zabaltzea gaur egungo egoera hau iraultzeko, ez normaltasunera itzultzeko, gu ez baikara inoiz normalak izan», adierazi du kolektiboak, eta zehaztu du zabaldu nahi duen pozoiak «sistema cisheropatriarkal, kapitalista eta kolonialista akabatzea» bilatzen duela; «ideia, jarrera eta hitz zapaltzaileetan oinarritzen den jendarte honen maskara kentzea honi aurre egiteko» pozoia ere badela, baita zapalkuntzari, autoritarismoari eta «balkoietako txibatoei» zuzenduta.

Etxeko «infernura» itzultzera behartuta

«Gaur egungo konfinamendu egoeran, askoren ihes-gune askatzailea» desagertu eta «etxeko ‘infernura’ (paradoxikoki) bueltatu behar izan dira», azaldu du kolektiboak, beraien izatea onartzen ez den etxeetara itzultzera behartuta izan diren lagunengan arreta ipinita.

«Askok hainbeste eraikitzea kostatu zaien babes sareak atzean utzi eta gurutze santuaren menpean bizi den etxe batean sartu behar dira», gaineratu du Hiruki Larroxa Kolektiboak errealitateari begira.

Gauzak horrela, “Pozoi Larroxa” liburuxkak artikuluak eta bestelako «pozoi dosiak» proposatzen ditu musika edota dokumentalen atalean, besteak beste, komunitatea inspiratu eta ez-ohiko egoera honi aurre egiteko tresna bezala.