2020 MAI. 07 280 eskola ordu «on line» Kirolenen, itxialdian formakuntzarekin jarraitzeko Kirolene Lakuako Hezkuntza Saileko kirol irakaskuntzen zentro publikoak 280 klase ordu baino gehiago eskaini dizkie telematikoki 650 ikasle baino gehiagori. Nabarmendu duenez, «egutegi akademikoko prestakuntza guztiak garaiz eta behar bezala artatzen» ari dira antolaketa egoerara egokituta eta proiektu bidezko irakaskuntza-ikaskuntza praktikari esker. Matrikulazio epea, laster zabalik. Negu kiroletan formakuntza saioak Kirolenen. (Kirolene) GAUR8 EAEko hezkuntza Saileko kirol irakaskuntzen ikastetxe publikoak konfinamenduak ezarri dituen baldintzetara egokitu eta egutegi akademikoarekin jarraitu ahal izan dutela jakinarazi du prentsa-ohar bidez. Osasun krisialdiaren ondorioz aurrez aurreko eskolak eten egin behar izan zituztenetik egoera berrira egokitu eta «eskaintzen dituzten prestakuntza modalitate desberdinetako 650 ikasle baino gehiagori» 280 eskola ordu baino gehiago «on line» eman dizkietela zehaztu dute. Izan ere, besteak beste, eskola jarduerak mendia eta eskalada, futbola, eskubaloia, urpekaritza, salbamendua eta sorospena edota neguko kirolak bezalako ataletan osatu dituztela adierazi dute zentrotik. «Egutegi akademikoko prestakuntza guztiak garaiz eta behar bezala artatzen ari dira ez bakarrik antolaketa trebetasunagatik, baizik eta batez ere proiektu bidezko irakaskuntza-ikaskuntza praktikoaren hezkuntza paradigman oinarrituta daudelako, eta horrek aukera eman dielako planteatutako erronken bidez dagozkien hezkuntza eta lanbide gaitasunak garatzeko eta egokitzeko», nabarmendu dute. Hezkuntza Sailak eskainitako baliabideak eta zentroko irakaslegoa osatzen duten 42 irakasleen ahalegina eskertu ditu zentroak. Lan merkatuarekin koordinatuta Beren kirol testuinguruan lantzeko ezinbestekoa den prestakuntza batzuk bakarrik atzeratu direla zehaztu dute zentrotik. Hala ere, ikastetxeak baieztatu du «geroratutako itxierak eragin dezakeen atzerapena» ez dela «nabarmena», eta ez dela «ikasleak lan merkatuan sartzearekin deskoordinatzen». Iragarri dute, bestalde, datozen asteetan 2020-21 ikasturterako matrikulazio epea zabalduko dutela.