GAUR8 - mila leiho zabalik

Duela 200.000 urte ere ohean lo egin nahiago zuen gizakiak

Hego Afrikako labar batean, leku arkeologiko ezagun batan ikusi denez, gizakiak soropil-oheak erabiltzen zituen lo erosoago egiteko, duela gutxienez 200.000 urte.

Border Caveko ikerketa (Politika, ikerketa eta teknologia Wits University)

Ohantze horiek hosto zabaleko Panicoideae azpifamiliako belar-sortak dira, eta kobaren hondotik hurbil jarri zituzten, errauts-geruzen gainean. Errauts-geruzak pertsonak lo zeudenean intsektu herrestarietatik babesteko erabili zituzten.


Ikerketa Hegoafrikako Witwatersrand Unibertsitateko, Bordeleko Unibertsitateko CNRSko eta Estatu frantseseko Côte d'Azur Unibertsitateko diziplina anitzeko talde batek, Tucumango Gizarte Ikasketetarako Goi mailako Institutuak eta Belgikako Kultura Ondarearen Errege Institutuak egin zuten, Border Cave izenekoan. “Science” aldizkarian argitaratu zen.


Lyn Wadley ikertzaile nagusiak dioenez, “Uste dugu soropil-koltxoi bat errautsen gainean jartzea estrategia deliberatua izan zela, ez bakarrik ohantze horietarako zikinkeriarik gabeko oinarri isolatua sortzeko, baita intsektuak uxatzeko ere".


"Batzuetan, ohantzearen oinarria soropil-ohantze zaharrago baten hondarrak ziren, koba garbitzeko eta izurriteak suntsitzeko erre zuten ohantzea. Beste batzuetan, zurezko errautsak gainazal garbi gisa ere erabili zituzten ohantze-geruza berri baterako".


Zenbait kulturak errautsak erabili izan dituzte intsektuen uxagarri gisa, intsektuak ezin baitira erraz mugitu hauts finean zehar. Tarchonanthus edo alkanfor-zuhaixken aztarnak aurkitu ziren haitzuloko ohantze zaharreneko belarraren gainaldean. Landare hori oraindik ere erabiltzen da Afrikako ekialdeko landa-eremuetan intsektuak uxatzeko.


"Badakigu jendeak belarraren gainean lan eta lo egiten zuela, harrizko erreminten fabrikazioko hondakinak belar hondarrekin nahastuta daudelako", dio Wadleyk.


Sua, nahierara


Ehiztari-biltzaileen kanpaleku modernoek suak zituzten gune fokal gisa; pertsonek haien ondoan lo egin eta testuinguru sozialetan etxeko lanak egiten zituzten. Border Caveko jendeak ere maiz piztu zituen suak, duela 200.000 eta 38.000 urte bitarteko sekuentzia batean metatutako tximinietan ikusten den bezala.


"Gure ikerketak erakusten duenez, duela 200.000 urte baino lehen, gure espeziearen jatorritik hurbil, jendeak nahierara egin zezakeen sua, eta kanpamentuak garbi eta izurriterik gabe edukitzeko, sua, errautsak eta sendabelarrak erabiltzen zituen".