GAUR8 - mila leiho zabalik

Kalitate handiagoko emanaldiak Urdaibai Bird Centerren, zuntz optikoari esker

Zuntz optikoa Urdaibai Bird Centerrera heldu da, eta horri esker zuzeneko emanaldien kalitatea hobetu ahal izango dute. Azaldu dutenez, gaur arte «itzalaldiak, blokeoak eta gainerako ezusteak» izan dira. Gaurtik aurrera, ordea, «posible izango da gure etxeetatik Urdaibaiko altxorrak erakusten dituen leiho birtualera inongo oztoporik gabe sartzea».

Arrano arrantzalea. (Urdaibai Bird Center)

«Gaur egun handia da Urdaibai Bird Centerrentzat… argiaren etorrerarekin, ura edo Mauritaniatik datozen espatulen talde ikusgarriekin konparatu genezakena». Horrela jakinarazi du natura zentroak ohar batean zuntz optikoaren etorrera, eta horrek bere jardunerako duen garrantzia nabarmendu du, milaka lagun konektatzen baitira zentroaren zuzeneko emanaldietara.

Zentrotik gogoratu dutenez, udaberria eta uda «benetako erokeria izan da paduraren zuzeneko emanaldietara batu zaizkigun bisitari birtualen kopurua kontuan hartuta». Onartu dute «mirariak» egin behar izan dituztela 250.000 etxe ingurura heltzeko eta behar bezalako kalitatezko zuzenekoak eskaini ahal izateko.

Azaldu dute gaur arte «egunerokoak» izan direla «itzalaldiak, blokeoak eta gainerako ezustekoak», behar den Interneteko abiadurarik ez zegoelako.

Mas Movil telefonia konpainiarekin lortutako akordioari esker lankidetza ireki dute eta dagoeneko posible da etxetik «Urdaibaiko altxorrak erakusten dituen leiho birtualera inongo oztoporik gabe sarztea eta oraingoan mozketarik gabe».

Arazo teknologikoa konponduta, «irrikitan» daudela aurreratu du zentroak, euren «proiektuko arrano arrantzaleak lehenengoz Urdaibain habia egin dezaketelako», eta ugaltze-aldia etxetik zuzen ikusteko aukera izango da.