GAUR8 - mila leiho zabalik

Elhuyarrek nazioarte mailako hiru sari lortu ditu azken bi hilabetean

Elhuyarreko I+Gko lantaldeak hiru sari irabazi ditu azken bi hilabeteotan. Bi bideomedikuntza arlokoak eta bestea zuzenketa gramatikalen arlokoa.

Elhuyar

Zientzia eta euskara bultzatzea helburu duen Elhuyar Fundazioak bolada nabarmena darama: azken bi hilabetean nazioarte mailako hiru sariketetan gailendu da. Bi sari biomedikuntza arlokoak izan dira eta hirugarrena zuzenketa gramatikalen arlokoa. Fundaziotik azaldu dutenez, «bideomedikuntza-arlokoak, zehazki, SARS-CoV-2 birusak (COVID-19 gaitzaren eragileak) eragindako pandemiaren aurrean Elhuyarrek egin duen ahalegin bereziaren ondorioz datoz, ikerketak eta garapenak alor horretara bideratu baitu». Ildo horretan, osasungintzarako itzultzaile automatiko neuronala (ingelesa-euskara) garatu du, eta lehen postuan sailkatu da Biomedical Translation Task izeneko nazioarteko sistemen arteko lehiaketan.

Horrez gain, AEBko NIST institutuak antolatutako lehiaketa batean, artikulu zientifikoetan COVID-19arekin lotutako kontsultak egiteko bilatzaile neuronal bat aurkeztu du, eta bigarren sailkatu da sistemarik onenen artean, 28 lehiakideren artetik.

Zuzentzaile gramatikala

Hirugarren saria zuzentzaile gramatikal batekin lotuta dago. «Hizkuntza-kalitatearekin lotutako sistemetan ikertzen ere jarraitzen du, eta, une honetan, sare neuronaletan oinarritutako zuzentzaile gramatikal bat lantzen ari da Elhuyar euskarazko testu idatzietarako», azaldu du Fundazioak. Bide horretan, irailaren 23an, Sociedad Española para el Procesamiento del Lenguaje Natural (SEPLN) elkartearen kongresuan aurkeztu zituen bere ikerkuntzaren nondik norakoak, eta artikulurik onenaren saria eskuratu zuen.

Elhuyarren gustura daude lorpen horiekin. «Irabazitako hiru sari horiek argi erakusten dute Elhuyarrek egiten duen ikerkuntza eta haren emaitza den teknologia punta-puntakoak direla, eta frogatzen dute teknologia horiek arrakastaz aplika daitezkeela hainbat arlotan, hala nola biomedikuntzan eta hizkuntzaren erabileran».