GAUR8 - mila leiho zabalik

«Zientzia Forgesen aburuz», umoristaren 66 binetako erakusketa Donostiako Zientzia Museoan

Zientziarekin lotura duten Forgesen 66 binetako erakusketa Eureka! Zientzia Museoan egongo da ikusgai urtarrilaren 17ra arte. 2018an zendu zen umorista grafikoa omendu eta zientziaren defentsan eta dibulgazioan egin zuen lana aitortzen du bildumak.

Irudian, erakusketaren antolatzaileak. (EHU)

Materialen Fisikako Zentroak (CFM gazteleraz) eta Eureka! Zientzia Museoak lankidetzan 2018an zendu zen Forges ilustratzailearen 66 bineta biltzen dituen erakusketa aurkeztu dute. “El Pais” egunkarian publikatutako marrazkiak dira eta Donostian izango dira ikusgai urtarrilaren 17ra arte.

Bilduma osatzen duten binetak zientziarekin lotuta daudela zehaztu dute, Antonio Fraguas ‘Forges’ umorista grafikoak «klima-aldaketa, Higgs bosoiaren aurkikuntza eta biodibertsitatearen galera bezalako gaiak «behin eta berriz» islatu baitzituen bere lanean. Gogoratu dutenez, «kalitatezko zientzia espainiarrarentzako baliabide gehiagoren aldarrikapenak» ere bere marrazkiak eta testuak bete zituen.

Horrekin batera aurreratu dute ikusgai dagoen bineten bilduman Newton, Darwin edo Einstein bezalako zientzialari ospetsuei eskainitako marrazkiak ere badaudela, eta «aurrerapen teknologikoak Cervantes twittero edo ‘koinatu bizkarroiren robot’ baten bidez agertzen dira, umoristaren estiloko beste egoera komiko batzuen artean.

Erakusketa Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC gazteleraz) bere 80. urteurrenaren harira antolatu du. Estatu espainolean zehar ikusgai izan ondoren, Euskal Herrian urtarrilera arte egongo da, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan.

Erakusketa atzo inauguratu zen eta Javier Aizpurua CSIC-eko ordezkariak Forgesek zientziaren alde egindako lana goraipatu zuen. «CSICetik urte asko daramatzagu zientzia herri honetako kulturaren parte dela defendatzen, eta Forgesek argi eta garbi izan zuen ideia hori bere ibilbide osoan zehar. Erakusketa hau bere lana eskertu eta aitortzeko saiakera bat da», adierazi zuen.

«Barre egiteari utzi gabe»

Ikus daitezkeen bineten edukiaz bizitzaren jatorriaz edo giza eboluzioa bezalako gai unibertsalen inguruan Forgesek egiten zuen «interpretazio berezia» biltzen dutela aurreratu dute.

Iñigo Atorrasagasti “Eureka!” egunkariko zuzendariak balioan jarri du zientziak eta gizarteak bat egiten duten espazioa elikatzeko museoak egindako apustua, eta nabarmendu du erakusketak bat egiten duela kultura zientifikoa sustatzeko apustu horrekin «barre egiteari utzi gabe».