GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUren ikerketa batek nahi gabeko bakardadearen maila altuez ohartarazi du

EHUko OPIK ikerketa taldeak nahi gabeko bakardadeak bizi-ziklo osoan eta desberdinkeria sozialen arabera «zenbateko prebalentzia» daukan aztertu du, eta ebatzi du «eragin handia duela osasun mentalean, bereziki heldu gazteen populazioan». 2018ko datuen arabera, EAEn lau lagunetik batek zeukan sentimendu hori, orain inpaktua handiagoa izan daitekeela nabarmendu dute.

Yolanda Gonzalez-Rabago eta Unai Martin, OPIK ikerketa-taldeko kideak. (EHU)

Bakardadea «gure ingurunean gero eta kezka handiagoa» eragiten duen gaia da, «bai arlo mediatikoan, bai gizartean eta baita osasun publikoaren ikuspegitik ere. Arazoak duen tamainaren, bilakaeraren eta osasunean dituen eraginen ondorioak ikusita, osasun publikoko arazo garrantzitsutzat hartzen ari da gaur egun», azaldu du EHUk.

Hori dela-eta, Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko OPIK ikerketa taldeak faktore ezberdinei erreparatuta nahi gabeko bakardadeak «zenbateko prebalentzia» daukan aztertu du.

Ikertzaileek zehaztu dutenez, EAEko emakumezkoen %29,7k eta gizonezkoen %23,3k bakardade-sentimendua daukate, 2018ko Osasun Inkestan parte hartu zuten 5.700 lagunen datuak aztertu ondoren, eta gaineratu dute ez diela bakarrik adineko pertsonei eragiten.

Unai Martin lanaren egileetako batek adierazi du «bakardadea osasun publikoko arazo bat» dela eta 80 urtetik gorako lagunen artean prebalentzia altuagoa bada ere eragin handiagoa daukala 25 eta 44 urte bitarteko lagunen osasunean.

Ikerketan hauteman dute, bestalde, «bakarrik sentitzeko arriskua desberdina» dela generoaren eta posizio sozioekonomikoaren arabera. «Nahi gabeko bakardadearen prebalentzia handiagoa izan zen emakumezkoetan (gizonezkoena baino %30 handiagoa) eta nabarmen handiagoa eskulangintzari dagokion klase sozialeko lagunen artean eskulangintzari ez dagokion kale sozialekoen artean baino».

Bakardadearen eta osasunaren arteko erlazioa aztertzean, ikertzaileek ikusi zuten «handiago zela bakarrik sentitzen diren pertsonek beren buruaz duten pertzepzio txarraren prebalentzia (bi aldiz handiagoa) eta osasun mental txarraren prebalentzia (lau aldiz handiagoa)».

Martinek nabarmendu duenez, pertsona heldu gazteen artean handiagoak izan ziren bakardadearekin lotutako desberdintasun sozialak eta orobat bakardadearen eta osasun txarraren arteko lotura».

Pentsatzen hasi eta agendan sartu

Ikertzaileen ustez emaitzek ondorio garrantzitsuak dituzte bakardadea murrizteko eta prebenitzeko esku-hartzeetarako, bizi-zikloan eta desberdintasun sozialen garrantzian arreta jarrita.

«Bakardadea osasun publikoko arazoa da, eta ez adindunentzat bakarrik; pertsona eta talde guztiei eragiten dien kontu bat da baina prebalentzia handiagoa du bereziki klase sozial baxuenetan. Beraz, merezi du arazo honi fokua jartzea eta pentsatzen hastea zergatik dauden nahi gabeko bakardadearen hain maila altuak», nabarmendu du Martin doktoreak.

Ikerketa 2018ko datuetan oinarrituta dago, Covid-19aren pandemiaren aurretiko egoeran. Horregatik, Martinek nabarmendu du orduan «halako bakardade-sentimendua baldin bazegoen» egoera nabarmen okerragoa izan daitekeela egun, «oso gutxi hartu baita aintzat epidemiaren kudeaketa pertsonen osasunean izaten ari den eragina, kutsatzeetatik haratago», eta ohartarazi du litekeena dela «nolabaiteko bakartze sozial hau osasunean inpaktu handia eragiten aritzea».