GAUR8 - mila leiho zabalik

Covid-19aren osteko begirada multidiziplinarrak biltzen dituen liburua argitaratu du UEUk

Koronabirusa agertu zenetik «gertatu zaiguna eta gertatzen ari zaigunaren inguruan hausnartzeko 13 begirada» biltzen ditu Xabier Landabideak idatzi duen «K+: Zientziak eta Humanitateak Covid-19 osteko begirada multidiziplinarretik» liburuak.

kzientziak

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) “K+: Zientziak eta Humanitateak Covid-19 osteko begirada multidiziplinarretik” liburua plazaratu berri du. Xabier Landabideak gidatutako lana da, eta egungo egoerari begiratzeko diziplinarteko hamahiru begirada biltzen ditu.

«Liburu honetan jasotzen diren begiradek erakusten digutena da sindemia ere deitzen hasi gatzaion gertakari global honek giza existentziaren aspektu gehienak ukituko dituela», azaldu du Landabideak.

UEUtik jakinarazi dutenez, hastapeneko begirada eta hausnarketa bat eskaini nahi da lanarekin, jakintza arlo ezberdinetan koronabirusak ekar dezakeen puntu eta aparteari buruzko gako batzuk ematen hasteko.

Liburuak bildutako ekarpenak bederatzi jakintza edo jarduera eremu desberdinetakoak dira: Kimika, Arte Plastikoak, Ekonomia, Hezkuntza, Artearen Historia, Psikologia, Arkitektura, Sexologia eta Hizkuntza.

«Poltsikorako erabilera anitzeko betaurreko sorta bezala ere pentsa daiteke liburua. Gertatu zaigunaren eta gertatzen ari zaigunaren inguruan hausnartzeko 13 begirada proposatzen dituen betaurreko sorta, aldean eramateko modukoa. Irakurri eta ibili, pentsatu eta egiteko liburua», adierazi dute.

Jakintzarako zubien hitzarmena

Lana UEUren eta Errenteriako Udalaren arteko lankidetza hitzarmenaren emaitzetako bat da. Humanitate Digitalen Gunea sortzeko indarrak batu dituzte bi erakundeek, akademia, eraldaketa eta administrazio mailan lanean ari diren eragileen elkarlanerako erreferentziazko gune bat sortzeko.

Bi erakundeen arteko «hitzarmenaren helburuak dira euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea», azaldu dutenez. Horrez gain, nabarmendu dute asmoa ere badela «goi mailako euskarazko etengabeko prestakuntzaren alorreko ikastaroak, gai jakin baten inguruko jardunaldi espezializatuak, bilgune-izaera sustatzea helburu duten topaketak, graduondoak eta unibertsitate-mailako argitalpenak eta dibulgazioa» antolatzea.