2021 OTS. 11 Telefono aplikazioak, tokietan dagoen segurtasun pertzepzioa neurtzeko Bilboko Ingeniaritza Eskolan bi aplikazio sortu dituzte sakelako telefonoaren bidez edozein tokitan dagoen segurtasun pertzepzioa neurtzeko. Ikerketan, EHUko Psikologia eta Informatika fakultateek ere parte hartu dute, galdetegi laburren bidez «gau eta egunez edo generoaren arabera eragina izan ditzaketen faktoreak» aztertzea baita helburua. Ibilbide baten bilaketa telefonoan, artxiboko irudian. (Roslan RAHMAN/AFP) GAUR8 Sakelako telefonoen aplikazio berriek edozein hiri, toki eta unetan egon daitekeen segurtasun pertzepzioaren neurketaren inguruan aspalditik dagoen beharrari erantzun ahal diotela azaldu du EHUk. Pertzepzioek ohituretan eragiten dute, eta norberaren esperientziatik hasita gizarte mailan portaera kolektiboak izatera heldu eta eraginak zabalagoak izan daitezkeela nabarmendu dute. «Biztanleriak inguru bat saihesten badu, horrek eragina izan dezake bertako etxebizitzen prezioan, enpresen erabakietan eta bertako merkataritzan ere. Sorgin-gurpil bat sortzen da gainera, biztanleriak ingurua ez segurutzat jotzen badu, geroz eta jende gutxiago pasako da bertatik, segurtasun falta sentimendua areagotuz», zehaztu dute. Ohiko neurketak pertsona talde bati espazio publikoan izan dituzten segurtasun edo beldur esperientzien inguruko galdetegien bidez egin dira, baina aukera horiek arazoak dituztela zehaztu dute, adibidez fidagarritasun eta oroitzapenen zehaztasun ezagatik. Zenbait fakultate, elkarlanean Psikologia eta Informatika fakultateek Ingeniaritza Eskolako Mikel Villamañe irakaslearekin batera, erantzuna «sakelan» dagoela aurkitu dute, «gaur egun ia denok baitaramagu telefono adimendun bat», planteatzen dutenez. Garatu duten sistemak bi zati dituela argitu dute, biztanleriak bere pertzepzioaren berri eman dezakeen galdetegi labur bat daukan aplikazioa», eta web aplikazio bat, non Psikologia Fakultateko ikertzaileek galdetegi desberdinak definitu ditzaketen erabiltzaileen erantzunak aztertzeko. “City4All” aplikazioak une zehatz batean pertsona batek bere segurtasun pertzepzioaren berri ematea baimentzen du. “Walking Capturer” aplikazioaren kasuan, helburua da lagun batek oinez egindako ibilbideak eta bide baten aukeraketan eragina izan duten faktoreak aztertzea. Nabarmendu dute «horrelako aplikazioek biztanleriaren segurtasun pertzepzio eta erabaki hartzearen inguruko informazio baliotsua eman dezakeela, «guztiok seguru sentitzen ditugun hiriak sortzen lagunduz»