GAUR8 - mila leiho zabalik

Bisita gidatuak antolatu dituzte Roy eta Landa Urdaibaiko arrano arrantzaleak ezagutzeko

Roy eta Landa arrano arrantzaleak dira aurtengo bisita gidatuen protagonista nagusiak baina ez bakarrak. Urdaibai Bird Center-eko gidek arrano arrantzale bikote horren istorioa kontatuko dute, eta ibilaldian, Biosfera-erreserbak gordetzen dituen beste altxor askoren berri emango dute, habitat horien hegaztiak zuzenean ikusteko aukerarekin batera.

Urdaibaiko arrano arrantzaleak. (URDAIBAI BIRD CENTER)

Urdaibai Bird Center-eko talde teknikoak Roy eta Landa arrano arrantzale bikote ospetsua ezagutzeko landa irteera gidatuak antolatu ditu. Urdaibain espeziea berreskuratzeko proiektu baten barruan dago bikotearen istorioa.

Horregatik, aurtengoa «udaberri historikoa» izan da Urdaibaiko Erreserba Biosferan arrano arrantzaleen ugalketari dagokionez, urte askotan lehen aldiz habia egin baitu bikote batek. Horrek adituen eta herritar askoren jakin-nahia piztu du Euskal Herri barruan eta kanpoan, webguneko zuzeneko irudien jarraipenak berak erakusten duenez.

Habia horretan hiru txita jaio dira azken asteetan, horietako bat ezagutzen zen lehen arrano albinoa izan zena. Hala ere, hirurak hil egin dira, albinoa lehendabizi eta beste bi anaiak beranduago, ekaitzen ondorioz seguruenik.

Adituek ohartarazi zuten zaila zela arrano albinoen biziraupena. Hogei eguneko bizitza zuten beste bi txiten heriotzaren inguruan, zehaztu zuten bien heriotza ez dela gertakari arraro bat, unerik kritikoenean baitzeuden. Tamaina handia zuten, eta horrek zailago egiten zuen amak kume biak estali ahal izatea. Gainera, hotzetik babesteko lumajerik gabe zeuden oraindik.

Horrez gain, kontuan hartu behar da Landaren lehendabiziko txitak izan direla, eta horrek ere ugalketaren arrakastan eragiten duela azaldu zuten zientzialariek. Hala ere, adierazi zuten gorpuak habiatik erretiratuta, tarteka kopularen bat izan zuela bikoteak eta, horregatik, bigarren txitaldi berri baterako data berantiarrak badira ere, beste sorpresa bat izan daitekeela.

Hiru orduko iraupena

Arrano arrantzaleak ikusteko bisitek hiru ordu inguru irauten dute, eta Roy eta Landa ez dira bisitariek ikusi ahal izango dituzten Urdaibaiko biztanle bakarrak. Zentrotik zehaztu dutenez, bisitak egiten dituzten gidak ez dira bakarrik arrano arrantzaleetan adituak, naturaren eta animalien inguruko bitxikeria ezagutzen dute eta naturaren ezagutza partekatzera bideratuta daude bisitak.

Ibilaldian, beraz, paisaiarekin eta Biosfera-erreserbako habitat desberdinen inguruko informazioa eskainiko dute gidek, eta arranoez gain inguru berean bizi diren hegaztiak ikusteko aukera izango dute bisitariek.

Irteerak abuztuaren 28ra arteko larunbatetan burutuko dituzte, goizeko 9.30ean hasita. 25 euroko kostua dute eta 15ekoa, 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Zehaztu dutenez, 8 urte da gutxieneko adina eta parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.