GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal Herriko Y kromosomaren aldaera Brontze Aroan sortu zen, EHUren ikerketa baten arabera

Euskal herritarren artean ohikoa den Y kromosomaren aldaera Brontze Aroan sortu zen, eta ez Paleolitoko biztanlerian, EHUren lan baten arabera. Aldaera horren jatorria bildu, berrikusi eta birkalkulatu dute EAEko populazioan, eta baieztatu dute gizonen %80 baino gehiago duela 4.500 urte bizi izan zen arbaso batetik datorrela.

EHUko BIOMICs taldeko ikerlariak, irudian. (Nuria GONZALEZ/EHU)

«Y-a gizonezkoen kromosometako bat da. Aitarengandik semeengana baino ez da transmititzen, eta aita-lerroko leinu markatzailea da, populazioaren bilakaeraren jarraipena egiteko aukera ematen duena», azaldu du Marian M. de Pancorbo EHUko BIOMICs taldeko ikertzaileak.

Zehaztu duenez, «Y kromosomak zenbait aldaera ditu, gizabanako batengan sortzen direnak eta hortik aurrera bere ondorengoengana pasatzen direnak, belaunaldietan zehar oso egonkor mantentzen direlako. R-S116 aldaera oso hedatuta dago euskal populazioan, euskal gizonen %80 baino gehiagoren ezaugarria baita, ikerlanean ikusi ahal izan dutenaren arabera.

Santiago de Compostelako Unibertsitateko eta Coloradoko Unibertsitate Eskolako ikertzaileekin elkarlanean egindako lan honen helburua «kalkulu doitua» egitea izan da, «kromosomaren aldaera hori noiz sortu den jakiteko eta Euskal Herriko biztanleriari soilik erreparatuz».

Horretarako, R-S116 aldaera bereizgarria duten gizabanakoen talde bat aztertu da, Araban (%75), Gipuzkoan (%86,7) eta Bizkaian (%87,3). «Zenbait formula estatistikoren bidez, non mutazio-tasa eta belaunaldi batetik bestera igarotzen den denbora kontuan hartzen diren, arbaso komun berrienera arteko denbora kalkulatzen» dela adierazi du Martinez de Pancorbok.

«Amaren leinua aztertzen badugu, ikusten da Euskal Herrian Paleolitoko leinua mantentzen dela, hau da, emakumeek Paleolitoko antzinako mitokondriako DNA transmititzen jarraitzen dute belaunaldiz belaunaldi. Hala ere, Y kromosoma aztertzean ikusi dugu ez dela Paleolitotik datorrena, baizik eta Neolitoko aldaera berri bat dela; duela 4.500 urte Brontze Aroan aldaera bat sortu eta Euskal Herrian bizi ziren Y kromosomaren leinu guztiak ordezkatuko balitu bezala: ehiztariak, biltzaileak», erantsi du.

Azpimarratu duenez, ikusi dute Brontze Arotik hona ez direla «transmititzen jarraitzen euskal gizonen leinuak eta agertzen diren ondorengo berriak iritsi diren aldaera berri horien seme-alabak» direla. Ikerlariaren esanetan, datu bitxia da, «deigarria», eta oraindik ez da horren zergatia ezagutzen.

Hipotesi ezberdinak eta ikerketa lerro berria

Maneiatzen duten hipotesietako bat da «ziurrenik estepa euroasiarretik zetorren populazio teknologikoki aurreratuena iritsi zenean, gizonek aukera gehiago izango zituztela euskal emakumeekin ondorengoak izateko», baina «ez dago ebidentziarik garai hartan Euskal Herri gisa ezagutzen dugun lurraldean zeuden gizonak baztertu zirenik, ez baitago gerren ebidentziarik, ez sarraskirik ere».

«Litekeena da biztanle berriek teknologikoki aurreratuagoak izanik,aukera hobeak izatea beren seme-alabak elikatzeko eta, beraz, R-S116 motako Y kromosoma transmititzen zuten ondorengo gehiago uztea», planteatu du Martinez de Pancorbok.

Euskal ikerlariak egiaztatu nahi duen beste hipotesi bat dauka. «Beharbada, ugalkortasuna edo Y kromosomaren R-S116 aldaera zuten gizabanakoen semeak izateko probabilitatea handiagoa zen beste Y kromosoma mota batzuetako gizonezkoena baino eta, horregatik, belaunaldi bakoitzean gizonezko ondorengo gehiago uzten zituzten», esplikatu du.

Orain azter liteke ea gaur egun Y kromosomaren aldaera hori duten gizabanakoek gizonezko gehiago dituzten Y kromosomaren beste aldaera batzuk dituzten gizonezko semeak baino. «Baina ezin dugu Brontze Aroko bizi-baldintzetara jo, eta baliteke egungo datuek iraganeko errealitatea ez islatzea, bizi-baldintzen arabera eraginkortasun biologikoa ezberdina baita», ohartu du ikerlariak.