GAUR8 - mila leiho zabalik

EHU, talde teknologiko boteretsuenen eragina aztertuko duen nazioarteko egitasmoan

Estatu espainoleko bi unibertsitate daude mundu mailan talde teknologiko boteretsuenen eragina aztertuko duen GMICP proiektuan, Jaume I. Unibertsitatea eta UPV-EHU. Ikerketak hedabideen sektorean eta Interneten dagoen kontzentrazioa ikertuko du.   

Juan Carlos Miguel de Bustos EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitateko katedraduna, irudian. (Jorge NAVARRO/EHU)

Munduko 40 unibertsitate baino gehiagok nazioarteko ikerketa abiarazi dute hedabideen sektorean eta Interneten dagoen kontzentrazioa aztertzeko. Proiektuan, ia 40 herrialdetako ikertzaileek hartzen dute parte, tartean Jaume I.a Unibertsitateko Jessica Izquierdo Castillok eta EHUko Juan Carlos Miguel de Bustosek.

Global Media and Internet Concentration Project (GMICP) izena du egitasmoak eta bi milioi dolarretik gorako finantzaketa izango du eskala globalean abian jarriko den ikerketa.

Proiektuak hedabideen eta teknologia konpainiek  kapitalismoarekin eta gizartearekin zer-nolako lotura duen aztertuko du. «Horretarako, hedabide enpresek eta Internetekoek 2021-2028 aldian izango duten bilakaerari erreparatuko dio, eta lortzen dituzten emaitzak batuko dituzte aurreko proiektu batekoekin, hedabideen ekonomiaren 40 urtetik gorako bilakaeraren erregistroa izateko», aurreratu dutenez.

Azterlanaren testuingurua azaltzeko, zehaztu dute «talde teknologikoen (Google, Apple, Facebook Amazon, Microsoft, Baidu, Alibaba eta Tencent) edo streaming plataformen (Netflix, kasu) eragina handitu ahala», enpresa handi horien arauek «Interneteko protokolo ireki eta erkideak ordeztu» dituztela.

Ondorio sakonak ekonomian eta demokrazian

«Aldi berean, hazi egin da hedabide taldeen Internetekiko mendekotasuna. Ondorioz, arriskuan dago beren autonomia», esplikatu dute. Gainera, «aldaketa horien eraginez, litekeena da joko arauak aldatzea: nork esan edo egin dezakeen zerbait, nori edo norentzat, eta zer baldintzatan. Hala nola, prozesuaren onuradunak, Interneterako sarbidea gertatzen denetik sortzen diren datuak, pribatutasunaren babesa edota nor izan ahalko den berritzailea, nork izango duen arrakasta eta nork egingo duen porrot», jarraitu dute, eta  horrek «egungo gizarteen egunerokoan, ekonomian eta demokrazian» ondorio «sakonak» dituela nabarmendu dute.

Miguel de Bustosek adierazi duenez, kontzentrazioa «gero eta handiagoa da kultur industrietan, hedabideetan zein telekomunikazioetan» eta fenomenoa «gero eta globalagoa».

Izquierdo Castilloren iritziz, bestalde, GAFAM (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsft) gisa ezagutzen diren talde teknologikoek gero eta interes mediatiko handiago bat dute, eta hedabideek mendekotasun handiagoa teknologikoekiko. Horrek, talde horien mugimendu estrategikoak tresna berriekin aztertzeko beharra planteatzen du, EHUko ikerlariaren esanetan.

Proiektuak, beraz, erakunde publiko eta pribatuentzat munduko hedabideen eta Interneten merkatua aztertzeko oso baliotsua den informazioa emango duela azpimarratu dute, «kontzentrazioa handitzen edo txikitzen ari den jakiteko eta, horrekin, gizarte digitalerako demokrazia arriskuan dagoen».