GAUR8 - mila leiho zabalik

Hamar herritarretik zortzik haurtzaroan edo/eta gaztaroan senideren bat jokatzen ikusi du

EHUko hiru ikertzailek Jokoaren Euskal Behatokiak ausazko jokoari buruz berriki egindako ikerketaren emaitzak ekarri dituzte gogora artikulu batean, gure gizarteetan oso presente dagoen praktika deskribatuz. Azterketa soziologikoen garrantzia goraipatzen dute, eskaintzen duten informazioagatik eta neurri eraginkorragoak hartzeko orduan duen balioagatik.

Sari ezberdinen berri ematen duen kartel bat, artxiboko irudian. (Juan Carlos Ruiz/FOKU)

Ostiral honetan Zorizko Jokorik Gabeko Eguna ospatzen da Estatuan. Ospakizun horren harira, Aldée Barandak, Jonatan Garciak eta Iraide Fernandezek jokoaren inguruko artikulu bat argitaratu dute “Campus” EHUko aldizkarian, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) berriki argitaratu den gairen gaineko txostenaren ondorioak gogora ekarriz.

Azaldu dutenez, “Jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak Euskadin” azterketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pertsona jokalarien profila aztertu du, eta emaitza kuantitatiboek agerian utzi dute jokoak euskal gizartean duen pisua, elkarrizketatutakoen % 70ek 2020an jokatu izana erantzun baitzuen.

Esandakoaren arabera, lan horren barruan «nola, zenbat eta norekin» jolasten den ikertu du Jokoaren Euskal Behatokiak. Gogoratu dutenez, %50k joko bakar batean parte hartzen zuela onartzen zuen, eta loteria zen nagusiena. Emaitza horiei begira, artikuluaren sinatzaileek jokoan tradizioak izan dezakeen garrantzia aipatzen dute, eta «faktore detonatzaile» gisa joka dezakeela adierazten dute.

Horren adibide gabonetako loteriaren fenomenoa dela esplikatzen dute, une horretan bere burua apustu egitera bultzatuak sentitzen baitira urtean zehar apustu jokoekin kontakturik ez duten lagun asko.

Izan ere, estatuko Loteria, primitiboa eta futboleko kiniela, ONCEren zozketekin batera, «jokalarien aukera nagusiak izateak, gainerakoengandik oso urrun, gizartean gaiari buruz hedatuta dauden estereotipoetako batzuk birplanteatzen» dituela diote EHUko ikertzaileek.

Inkestak adina aldagaiaren inguruko emaitzak ere eman ditu, gazteenak aurreko joko tipologietatik aldenduta azaltzen baitira, eta online jokoetatik gertuago.

Sozializazioari dagokionez, beste datu esanguratsu batzuk eman zituen azterketak, nabarmentzen dutenez, hamar herritarretik zortzik bere haurtzaroa edo/eta gaztaroan senide bat jolasean ikusi dutela adierazten baitzuen. Horrek eguneroko bizitzan jokoak duen presentzia handia baieztatzen duela aipatzen dute.

Jokoarekin lotutako arazoei erreparatuta, azken azterketa horrek EAEko helduen %2,2k uneren batean jokoarekin arazoren bat izan zuela zioela gogoratu dute.

Lan horren ondoren, jokoari eta gazteriari buruzko azterlana egiten ari dira orain, oroitu dutenez. Ikerlariek azken bi hauek bezalako lanek ematen duten informazioaren garrantzia nabarmentzen dute artikuluan, neurri eraginkorrenak hartzeko orduan duten balioa aipatuta. Era berean, Lakuako Gobernua eta unibertsitatearen arteko lankidetzak ahalbidetzen duen ezagutzaren transferentzia goraipatu dute.