GAUR8 - mila leiho zabalik

Maila termiko handietan jarduteko gai den termometroa garatu dute EHUn

UPV/EHUko Applied Photonics Group ikerketa taldeak zuntz optiko berezi batean oinarritutako termometro optiko bat garatu du. Nagusiki industria sektorearentzat pentsatuta, tresna berria «maila termiko zabal batean eta sentikortasun handiz neurtzeko» gai dela azpimarratu dute.

Josu Amorebieta Applied Photonics Group ikerketa taldeko ikertzailea, irudian. (EHU)

Termometro hipersentikor berriaren erabilera nagusiak industria sektorean izango dira. Izan ere, gogoratu dute zenbait industria-aplikaziok sentikortasun handia behar dutela eta prozesu horietan tenperatura neurtzea ezinbestekoa dela, «istripuak, akatsak edo matxurak saihesteko».

Gailu berriaren sendotasuna azpimarratu dute, eta hori ere abantaila da baldintza onak izaten ez dituzten inguruneetan, askotan horrek neurgailuen bizitza erabilgarria murrizten baitu.

Industria aeronautikoan, turbinen barruko tenperatura altuen kontrola; industria petrokimikoan, tenperatura maila jakin batzuetan mantendu behar diren substantzia sukoiak eta lehergarrien kasua, edota elikagaien industrian, zero azpiko tenperaturan gorde behar diren produktuen kasuak dira gailu berriaren erabileraren adibideetako batzuk.

Tenperaturarako berezko sentikortasuna

Josu Amorebieta ikerketa taldeko kideak azaldu duenez, gaur egun, termometro elektronikoak dira industrian tenperatura detektatzeko gehien erabiltzen diren gailuak, baina ez dira hautagai onenak «gas sukoiak eta abar dituzten inguruneetan».

«Azken hamarkadetan, zuntz optikoetan oinarritutako zenbait sentsore agertu dira muga hori gainditzeko alternatiba gisa; izan ere, elementu pasiboak dira eta tenperaturarekiko berezko sentikortasuna dute», erantsi du.

«Zuntz optiko oso berezi batean» oinarrituta garatutako termometro berria «lan baldintza oso zorrotzak jasateko gai» dela azpimarratu du. Erabiltzen duen nukleo anitzeko zuntz optikoa Floridako Unibertsitate Zentralarekin duten lankidetza hitzarmenari esker lortu dutela zehaztu du Amorebietak.

«Analogia bat eginez, zuntz komun bat, adibidez, etxera iristen zaigun zuntza da; joan-etorriko errei bakarra duen errepidea. Zuntz anitzeko zuntza edo zuntz multinukleoa autobide baten baliokidea da», esplikatu du, datuak transferitzeko duen ahalmen askoz handiagoa azpimarratuz.

Momentuz prototipoa dago, baina ikerlariaren ustez, «aurrerapauso bat da merkatuan bideragarriak diren termometro optikoetarantz».