GAUR8 - mila leiho zabalik

Deabruaren Eskolak Julio Cortazaren liburutegirako donazio bat egin du euskal idazleen eta itzultzaileen izenean

Juan March Fundazioaren liburutegiaren «La Biblioteca invita» programaren baitako ekitaldi batean, Deabruaren Eskola literatura webguneak donazio bat egin du, euskal idazleen eta itzultzaileen izenean, Julio Cortazaren liburutegirako.

Ekitaldian parte hartu zutenetako batzuk

Deabruaren Eskolak abenduaren 9an Madrilen izan zen ekitaldiaren berri eman du prentsa oharra batean. Juan March Fundaziora eraman zituzten euskal idazleen eta itzultzaileen izenean Julio Cortazarren eraginpean idatzitako liburuak eta itzulpen-lanak. Bertan, Mikel Soto, Irati Jimenez eta Esteban Montorio Deabruaren Eskolako sustatzailekin batera, Harkaitz Cano eta Jon Alonso, Cortazarren irakurle,itzultzaile eta «jarraitzaile sutsuak» izan ziren.

Ekitaldia Juan March Fundazioaren liburutegiaren «La Biblioteca invita» programaren barruan egin zen, eta Etxepare Institutuak euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko jarduerak bultzatzeko duen programaren laguntza izan zuen.

Deabruaren Eskolak Juan March Fundazioaren liburutegian utzitako lanek, azken hilabeteotan bildutakoak, «Julio Cortazarrek euskal literaturan izan duen eragina erakusteaz gain, Cortazarri zor zaion mirespena aitortzen dute». Itzulpenak, artikuluak, lan akademikoak, saiakerak eta narratibaren arlokoak dira, euskal egileen artean bildutakoak eta egileek beraiek Cortazarri eskainitakoak».

March Fundazioaren izenean, liburutegiaren zuzendari Luis Martinez Uribe eta Cortazarren literaturan aditu Celia Martinez izan ziren,baita «gonbidatu berezi bat», Alejandra Bernardez, Julio Cortazarren lehen emazte Aurora Bernardezen iloba.

«Euskal literaturari ere bide bat erakutsi zion»

Mikel Sotok aurkeztu zuen Deabruaren Eskolaren ekimena, eta Irati Jimenezek haren helburua eta eramandako euskal liburuetan Cortazarrek duen eragina azaldu zuen. «Idatzizko ahozkotasun berri bat zor dio gaztelaniak, iraultzaile izan zen, malgutasuna ekarri zuen, torlojuak kendu zizkion literaturari eta bide bat erakutsi zion baita euskal literaturari ere, eta horrenbeste torloju askatu beharrean gauden euskaldunoi», esan zuen Jimenezek.

Harkaitz Canok Cortazarri idatzitako gutuna irakurri zuen ondoren, eta bertan zeudenen barreak eragin zituen. Cortazarren literaturarekin zorra aitortu zuen Canok Madrileko trenean idatzitako zerrenda baten bidez, eta Cortazarren estiloan omendu zuen, lehenik «zerrendak egitearen plazera» eskertuz.

Jon Alonsok, berriz, Cortazarren eragina izan zuen hizpide, bere eta beste hainbeste euskal idazleren eta itzultzaileren izenean esker ona adierazteko.

Liburutegiko arduradunek eskerrak eman zizkieten euskal idazle eta itzultzaileei, ea ondoren Julio Cortazarren lanari eta bizitzari buruzko elkarrizketa bizia izan zen denen artean. Ekitaldia amaitzeko, Alejandra Bernardezek Cortazarren «Nocturno» poema irakurri zuen.