GAUR8 - mila leiho zabalik

EAEko 43 ikastetxe logistika protagonista duen First Lego ligan, eta online tailerrak DBHko guztientzat

EAEko 43 ikastetxetako ikasleen parte hartzea izango du mundu mailan egiten den First Lego ligaren 13. edizioak. Innobasquek bultzatzen duen ekimenak prestakuntza tailerren ziklo irekia antolatu du, online izango dena,  Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiei zuzenduta, ligan parte hartu edo ez.

First Lego liga (Innobasque)

First Lego League (FLL) liga mundu mailan egiten da eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 43 ikastetxetara hurbildu nahi du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, gazteen artean zientzia, teknologia eta gaitasun digitalak bultzatzeko asmoz.

«Sormena garraioaren zerbitzura» jarrita, logistika eta ondasun eta salgaien garraioa izango da aurtengo ediziorako antolatzaileek proposatu duten erronka.

Innobasquek ohar batean azaldu du aurten, berrikuntza gisa, prestakuntza saioak irekiak izango direla, eta EAEko DBHko ikastetxe guztiek parte hartu ahal izango dutela, 349 guztira. «Saio horiek bakarrak dira Estatuan, eta Innobasqueren apustua islatzen dute, txapelketa aurrera eramateko», zehaztu du.

Prestakuntza tailerren zikloa urtarrilean egingo da, online, enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen eskutik. Nabarmendu dutenez, eskaintza biderkatu da edizio honetan.

Martxoaren 5ean, finala

Saioak eskainiko dituzten erakundeen artean BCAM (Basque Center for Applied Mathematics), CAF Power, Eroski, Fagor Electrónica, Tecnalia eta EHU daude, besteak beste.

Ekimenaren antolakuntzan, Innobasquerekin batera, Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea daude, Lakuako Gobernuaren eta hiru foru aldundien laguntzarekin.

Edizio honen finala martxoaren 5ean izango da. Ikasleek 115 taldetan hartuko dute parte, horietatik 59k sei eta bederatzi urte arteko ikasleak hartzen dituen Explore haurren kategorian lehiatuko dira. Gainontzeko taldeak 10 eta 16 urte arteko ikasleek osatutakoak dira, eta Challenge kategorian lehiatuko dira, «robotika, arazoen konponketa eta baloreetan» zentratuta.