GAUR8 - mila leiho zabalik

Txikipedia emakumezko kirolarien biografiekin elikatzea, 18 ikastoletako ikasleentzako erronka

Txikipedia eduki gehiagorekin osatzea helburu duen “Nik, zuk, guk… 300 bai?” ekimenak segida izango du aurten. Bigarren edizio honen protagonista nagusiak emakumezko kirolariak izango dira. Erronkari erantzunez, lanean daude jada 18 ikastoletako ikasleak.

Euskal Herri osoko 18 ikastoletako ikasleek hartuko dute parte erronkan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

“Nik, zuk, guk… 300 bai?” egitasmoa bigarren urtez antolatzen dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak elkarlanean. «Euskarak eta euskal kulturak sarean duen presentzia areagotzea» da ekimenaren xede nagusia, baina bidean «konpetentzia digitalen garapena» ere landu nahi dute.

Txikipedia eduki berriekin elikatzea asmoa izanik, emakumezkoen biografia berriak sortzea da helburu nagusia, eta arlo ezberdinetan nabarmendutako emakumeen ibilbideak jasoko badituzte ere, edizio honetan kirolarienak dira bereziki landu nahi dituztenak.

Sarean, orokorrean, eta Txikipedian zehazki, euskararen presentzia areagotzearekin batera, ikasleak gizon eta emakumeen arteko presentzian dagoen «arrakalaz sentsibilizatzea» bultzatu nahi dute.

Horrez gain, konpetentzia digitaletan murgiltzea eskatzen duen erronkaren bidez ikasleak «hizkuntza minorizatuak sarean duen egoeraz kontzientzia hartzea eta eragile aktibo bilakatzea» bilatzen dute.

Martxoaren 8an, datuen lehen balantzea

Erronkaren inguruko azalpenak martxora arte garatuko dira, «eta tokian tokiko emakumeei edo Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna ematen ahaleginduko da», zehaztu dutenez.

Pertsonaia entzutetsuak izan daitezke, gutxi ezagutzen direnak edo sarean presentzia txikia duten emakumeak, eta orokorrean musika, bertsolaritza edo bestelako arlotako emakumeak izan badaitezke ere kirolariak nabarmendu nahi dituzte edizio honetan.

Hasierako hiru hilabete hauetan ikasleei erronka azaltzeko saioak eta «sentsibilizazioa, motibazio eta arakatze jarduerak» izango dira ikastoletan.

Ondoren, txantiloiak eta ereduak jarraituz biografiak sortuko dituzte, eta Martxoaren 8an, egitasmoaren behin behineko emaitzak zabalduko dituzte, erronka gainditzetik gertu edo urrun dauden jakiteko, langa 300 artikulutan finkatuta baitago. Kopurutik gertu egonda, gainditzea izango da proposamena, eta azpitik egonez gero zenbakira iristeko azken bultzada emango da.