GAUR8 - mila leiho zabalik

Durangaldeko ikerlari eta sortzaile gazteei zuzendutako sariak antolatu ditu Gerediaga Elkarteak

Gerediaga Elkarteak eskualdeko ikerlari, sortzaile eta dibulgatzaile gazteei zuzendutako sariketa jarri du abian, Durangaldearekin zerikusia duten edozein jakintza-arlotako euskarazko ikerlanak bultzatzeko. Hiru kategoria daude, adinaren arabera, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 6ra arte dago zabalik.

Gerediagako ordezkariak eta epaimahaikideak, irudian. (Gerediaga Elkartea)

“Durangaldeko Ikerlari Berrien Saria” izena du Gerediaga Elkarteak abian jarri duen ekimen berriak, eta eskualdeko gazteen artean, «ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna» bultzatzea du helburu.

Euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu nahi ditu 16 urtetik gorako gazteen artean. Horregatik, lanak euskara hutsean aurkeztu behar dira, eta hiru kategoria izango dira adinaren arabera: 16 eta 18 urte artekoentzat bat, 19 eta 24 urte bitartekoentzat beste bat, eta hirugarren bat 25 eta 30 urte arteko lagunentzat. Kategoria bakoitzean saritutako lanak 500 euroko saria jasoko du.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke, edozein jakintza-arlori buruzkoa, eta lau formatutan egon daiteke: artikulua, posterra, ikus-entzunezkoa edo podcasta.

Durangaldean bizi edo ikastea

Sariketak bakarkako lanak zein talde lanak onartuko ditu, baina ezinbesteko baldintza da eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea. Talde lana izatekotan, gutxienez taldeko batek bete behar du baldintza.

Ekimenak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa du, eta baditu epaimahaia osatuko duten kideak: Iruri Altzerreka Martinez zuzenbidea ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako gazteak.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 6ra arte egongo da zabalik, eta lehiaketako sarien irabazleak apirilaren 30ean egingo den Ikerlari Gazteen Topaketan aurkeztuko direla aurreratu dute.