GAUR8 - mila leiho zabalik

Eraztunketa zientifikoa Urdaibai Bird Centerren, Hezeguneen Eguna ospatzeko

Datorren igandean mundu osoan ospatuko den Hezeguneen Egunaren testuinguruan, hain ekosistema hauskorrek bizitzarako duten garrantzia nabarmendu nahi dute Urdaibai Bird Centerren, horien kontserbazioaren beharraz kontzientziatuz. Egun horretan, hegaztien behaketaz gain, eraztunketa zientifikoa nola egiten den erakutsiko dute.

Paduretako ekosistemek duten garrantziaren inguruan kontzientziatzeko baliatu nahi dute Hezeguneen Eguna. (Urdaibai Bird Center)

Urdaibai Bird Centerrek (UBC) hainbat jarduera antolatu ditu igande honetarako, mundu mailan ospatzen den Hezeguneen Egunaren harira. Jarduera horien artean goizean egingo duten hegaztien eraztunketa zientifikoa nabarmendu dute. Publikoarentzat zabalik egongo den tailer moduko bat izango da, eraztunketa nola egiten den erakusteko, eta plaza kopuru mugatua izango du, beraz parte hartzeko, izena ematea eskatu dute, zentroko telefonora deituta.

Data hauetan, gainera, Europako hegaztien negu-pasaren une gorena izaten da Gautegiz-Arteagako hezeguneetan, eta behaketa egiteko aukera aparta da. «Udazken bukaeran ipar Europako hotzetik ihesi etorri ziren eta oraindik ere hezegunean jarraitzen duten espezie asko behatuko dira», azaldu dute UBC-tik.

Eskandinaviako penintsulatik etorritako ahate txistulariak, Wadden itsasotik heldutako mokozabalak eta «iparralde urruneko» limikoloak daude hegazti europarren talde horretan. «Zorte on apur batekin gure artean negua pasatzen dagoen ‘Muxar’ izeneko arrano arrantzalea ere ikusi ahal izango da», aurreratu dute.

“Hezeguneetan zehar jardutea gizateriaren eta naturaren alde jardutea da”, edizio honen leloa izango da. Ospakizunak hezeguneak kontserbatzeko beharra plazaratu nahi du, «kapital finantzario, gizatiar eta politikoa» inbertitzeko eta «munduko hezeguneak desagertzetik salbatzeko eta degradatu ditugunak lehengoratzeko» deitzeko.

Biodibertsitatearentzat eta gizateriarentzat

Aurtengo ospakizunen helburuarekin bat eginez, UBCn izango diren jarduerek hezeguneek duten garrantzia azpimarratuko dutela aurreratu dute, «hain ekosistema hauskor diren horiek biodibertsitatearentzat era gizateriarentzat» duten eragina azalduz eta kontzientziazioa landuz, uholdeak murrizten, edateko uraren hornidurarako, uraren eta airearen kalitatea hobetzen, ongizatea hobetzen eta pertsonentzako bizibidea izaten laguntzen baitute, nabarmendu dutenez.

Horregatik, igande honetan zentroa zabalik egongo da 11.00etatik 17.00etara, eta «ekipamenduaz gain, Gautegiz-Arteagako hezegunea eta bertako hegaztiak zuzenean behatzeko» aukerarekin gozatzeko.