GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUko bi ikerlari Antartikan, ingurune gogorretara egokitutako landaredia aztertzeko

EHUk jakitera eman du Bez-Ekofisko taldeko bi ikerlarik Antartikan burutuko den azterlan batean parte hartuko dutela. Livingston uhartean arituko dira, planetako beste leku latz batzuetan gertatu bezala bertan bizitzeko gaitasuna garatu duten «superlandarerik» dagoen aztertzeko.

Bez-Ekofisko taldeko ikertzaileak Antartikan. (EHU)

Jose Ignacio Garcia Plazaola eta Irati Arzace EHUko Bez-Ekofisko taldeko ikertzaileek Antartikan burutuko den ikerlan batean parte hartuko dute, landarediaren eboluzioaren gaineko azterketa bat burutzeko.

“Eremita-Estres anizkoitzarekiko tolerantziaren eboluzio-erroak landareetan” izeneko proiektuaren barruan dago azterlana, eta Livingston uharteko Juan Carlos I.a basean burutuko da, Antartikako Espainiaren XXXV. Kanpainaren testuinguruan.

Estatu espainiarreko ikerlari talde baten barruan arituko dira Garcia Plazaola eta Arzace, ingurumen-estresekiko landare batzuek dituzten tolerantzia mekanismoen inguruko azterlana egiteko. «Zehazki, ekosistema horretan bizi diren organismo fotosintetikoen taldeek lehorketa biziei, zero azpiko tenperaturei eta erradiazio ultramoreari aurre egiteko zer-nolako gaitasuna duten ebaluatuko dute», azaldu dutenez.

Eboluzioa eta estresarekiko tolerantzia

Ikerlana testuinguruan jartzeko, zehaztu dute duela 500 milioi urte inguru hasi zela ingurune lurtarraren kolonizazioa, ordura arte Lurreko bizia urtarra baino ez baitzen: «lehen landareek erronka berriak zekartzan ingurune bati aurre egin behar izan zioten uretatik kanpo: oszilazio termiko handiak, eguzki erradiazio dosi handiko esposizioa eta lehortzeko etengabeko arriskua, besteak beste».

Gogoratu dutenez, animaliak ez bezala, landareek ezin diete ihes egin ingurumeneko arazo horiei. Estresarekiko tolerantzia mekanismo horiek aztertuko dituzte, eta Antartikan beste leku gogorretan bezala bizitzeko gaitasuna duten espezierik, ‘superlandarerik’, dagoen egiaztatu nahi dute.

Ikerlanean lortutako informazioak balio handia izan dezake, «nekazaritza jasangarriagoa eta produktiboagoa garatzeko potentzial handia duten landareen eta mekanismoen ezaugarriak» ezagutzeko.

EHUko ikerlarien ondoan Estatuko unibertsitate ezberdinetako beste lau ikerlari izango dira otsailean eta martxoan zehar Livingston uhartean egingo den egonaldian.