GAUR8 - mila leiho zabalik

«Esklaboen barrakoiak», frankismoko pasadizoak «Lezokuak» gazteentzako bildumaren azken alean

Frankismoak Lezoko barrakoiak eraiki eta bertan, lan behartuak egitera zigortuta, pilatu zituen milaka gizonen bizi-baldintza gogorrak eta herriko emakumeengandik jaso zuten laguntza dira «Lezokuak» ipuin bilduma ilustratuak azken zenbakian jorratzen duen pasarte historikoaren protagonistak. Liburua eta sortutako bideoklipa larunbat honetan estreinatuko dira.

Lanaren egileak eta Jesus Maria Martiarena Lezoko alkatea, irudian. (Lezoko Udala)

Frankismo garaian, Jaizkibelgo errepidea eraiki eta behartutako beste lan batzuk egiteko, milaka preso pilatu zituen diktadurak Lezon altxatutako barrakoietan. Gizon haien bizi baldintza kaskarrak eta bizirauteko herriko emakumeengandik jaso izan zuten laguntza historia horren pasarteetako batzuk dira, hain zuzen ere orain “Esklaboren barrakoiak” izeneko liburuak jaso dituenak.

Lana gazteei bereziki zuzendutako “Lezokuak” ipuin bildumako laugarren alea da. Mikel Susperregik idatzi ditu testuak eta Lander Zurutuza marrazkigileak sortu ditu irudiak.

«Preso hauek bizitakoa eta emakume hauen lana ezagutzera emateko, liburuaren osagarri gisa “Elkartasun.haizeak” bideklipa ekoiztu dute Garazi Ugalderen hiztekin eta Iñaki Labakaren muskarekin», azaldu dute ohar batean. Liburuan agertzen den QR kode baten bidez, Interneten ikusi ahal izango da aipaturiko bideoa.

Liburua eta bideoklipa larunbat honetan aurkeztuko dira herrian, Auditoriumean, 12.00etan, eta egun horretan bertan jarriko da salgai, «gainerako bildumarekin batera, prezio berezian».

Herriko pertsonaiak eta gertaera historikoak

Xalto ta Brinko Animazio Elkarteak 2018an jarri zuen abian “Lezokuak” gazteentzako ipuin bilduma ilustratua, «herriko pertsonaia edo gertaera historikoak eta beren garaia» modu nobelatuan azalduz.

Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, «itxura mardula badute ere, irakurterrazak» dira  lanak, eta helburua akademikoa baino areago, jakin-mina piztea da. Izan ere, 12 eta 16 urte arteko ikasleen artean banatzen dira, batik bat Lezo Institutuan eta Pasaia Lezo lizeoan, eta irakurritakoan, ikastetxeetan egilearen bisita hartzen dute «dinamizazio literarioak modu erakargarrian» egiteko.

Lezon ez ezik, Donostian eta Errenterian ere izango da liburua eskuragarri.