2022 MAR. 26 Elkarrizketa IRUNGO AEK EUSKALTEGIA Zuzendaria eta irakasleak «Ertzetako euskaldunoi ere begiratu behar zaigu, eta ahotsa eman» Irungo euskaltegiko ikasleak (Andoni CANELLADA | FOKU) Amagoia Mujika Irungo AEKn, mahaiaren bueltan, garai desberdinak ezagutu dituzten lau lagun: Beñat Altzaga Olazabal euskaltegiko zuzendaria eta Joxean Elosegi, Koro Lopetegi Larrañaga eta Idoia Genua Altzuri irakasleak. Leguia kaleko egoitza 1980. urtean okupatu zutenen artean zegoen Joxean Elosegi. Berak ondo ezagutzen du euskaltegiaren ibilbide osoa. Lehen euskal eskola edo gau eskola 1967an sortu zen Irunen. Tartean etena izan zen eta 1973. urtean berpiztu zen ekimena. Elosegik hartu zuen Irungoa koordinatzeko lana. Franco hil ondorengo urteetan indarra hartu zuen mugimenduak. Pentsa, 1976-1977 urteen bueltan ia seiehun ikasle izatera iritsi zen. Lokalak behar ziren eta irakasleak, gau eskolak arratsaldeko seietatik aurrera ematen baitziren eta ez baitzen erraza ikasle kopuru hori kudeatzea. «Garai hartan beharra izugarria zen, hizkuntzaren noziorik ez zuen jende asko zen Irunen, bertakoak eta kanpokoak. Bestetik, bazen gau eskolara inguratzen zen jende euskalduna, bertako euskaldunak, alfabetatzera edo galdua zuten euskara hobetzera gerturatzen zirenak. Orain euskaldunak ez dira euskaltegira inguratzen, ez dute behar hori sentitzen eta begi bistakoa da beharra badagoela», kontatu du Elosegik. «Oso urte ausartak», halaxe ditu gogoan. «Jende askok ikusten zuen Francoren garaian injustizia handiak gertatu zirela eta zerbait egin nahi zuen. Oso erantzun primarioa izan zen». 1979ko ikasturtean, 350 ikasle ingururekin, egun osoko dinamikari eutsi zion Irungo AEK-k. «Orduan hasi ginen nolabaiteko profesionaltasunarekin, ‘soldatez’ hitz egiten, baldintza ez oso onetan, hala ere. AEKren historian oso urte garrantzitsuak izan ziren eta baita Irungo AEKn ere». Euskaltegia martxan, herritarrak euskara eskolak hartzeko gogoz eta, noski, irakasleak behar. «Ni 1983an hasi nintzen AEKn irakasle, 17 urte nituela. Institutuan ikasten ari nintzen eta klaseak amaituta AEKra etortzen nintzen alfabetatzera. Ahizpak esan zidan Artiako auzo elkartean euskara klase batzuk emateko norbait behar zutela. Nik ez nekien nola irakatsi, AEKn irakasleari galdetu eta horrekin moldatzen nintzen. Hurrengo urtean irakasleak behar ziren AEKn eta ea klaseak eman nahi nituen galdetu zidaten. Eta ni, kontent. Denak utzi eta klaseak ematen hasi nintzen», kontatu du Genuak. Buruan dauka alfabetatzeko lehen ikasle talde hura, «klasean sartu eta hamasei bat lagun ikusi nituen eserita. Berogailurik ez genuen. Baziren eskola ‘nazionalak’ esaten zitzaien horietako maisu-maistrak, bazen moja bat, tartean zen don Jose Soto, praktikantea, maisua eta Real Unioneko masajista… oso jende desberdina zegoen. Gogoan dut pasillora atera nintzela arnasa hartzera eta nire burua lasaitzera». Eta berriz sartu zen ikasgelara, oraindik segitzen baitu euskara eskolak ematen. «Niretzako unibertsoa zabaldu zen. 80ko hamarkadan gauza asko piztu ziren euskararen inguruan eta hor egotea sekulakoa izan zen. Musikaren arloan, adibidez, rock talde asko eta garrantzitsuak izan ditu Irunek eta musikari asko hemen euskaldundu ziren». Kortatu, Baldin Bada, Anti-Regimen, Fernando Sapo (Kuraia)… Musika talde eta musikari dezente pasatu dira Irungo AEKtik. «Euskaldunak ginen eta barrenak eskatzen zigun euskaldundu egin behar genuela. Uste dut horrek bildu egin gintuela eta indarra eman zigula. Ordura arte, zer zen euskara guretzat? Gure auzoan, adibidez, 50 ginen eta horietatik bi bakarrik euskaldunak. Arraroa zen euskalduna izatea, baina, era berean, bagenekien oso ezaugarri garrantzitsua eta berezia zela eta aldarrikatu egin nahi genuen», jarraitu du Genuak. Euskal Herria aldatu da, Irun aldatu da eta egun euskaltegira gerturatzen direnen profila ere aldatu egin da. Gaur egun maila guztietako euskara eskolak eskaintzen dituzte Irungo AEKn eta 250 ikasle ingururen bueltan dabiltza azken urteotan. Zenbaki horrek ez dauka antzik 1976-1977ko matrikulazioarekin, baina gaur egun Irunen badira euskara ikasteko beste hiruzpalau aukera. Behe urratsetan militantziak, euskara ikasteko gogoak, biziago jarraitzen du, tituluetatik urrun. Koro Lopetegi aritzen da maila horietan. «Nire ikasle gehienak etorri berriak dira, migratzaileak, bertako oso jende gutxi gerturatzen da euskara ikastera ikasteagatik, tituluren bat lortzeko helbururik gabe». Goi urratsetan gehiago sumatzen da titulua behar dutenen pisua, euskara lanpostu baterako edo puntuatzeko behar dutenen presentzia. Beñat Altzaga Olazabal 2017an hasi zen Irungo AEKn, irakasle. Orain zuzendaria da eta ez ditu eskolak ematen, baina badu horren hutsunea: «Gozatu egiten dut eskolak ematen; ikasleen hobekuntza ikusi, haien kezkei aterabidea eman eta, nola ez, euskararen normalkuntzan nire aletxoa jarri». Euskararen ezagutzak gora eta erabilerak behera egin duela diote datuek. Berriz ere bidegurutze batean dago euskalgintza, nahiz eta ez duen ezagutu trabarik gabeko biderik. Altzagak garbi dauka arazoaren ertz bat gutxienez. «Baieztapen hori egiten denean ez da guztiz egia. Hirugarren aldagai bat falta da. Nik hizkuntza bat erabiltzeko kalitatea behar dut, baliabideak behar ditut. Eta gaur egungo gazteek ez dute baliabide nahikorik euskaraz esan nahi dutena esateko. Ezagutzak gora egin du, baina zer-nolako ezagutza da? Horretan jarri behar dugu arreta, bestela datu faltsuak ematen ditugu. Ni DBHko ikasleekin proiektu desberdinak egiten ari naiz eta askotan esaten didate ez dutela euskara erabiltzen ez dutelako erreminta nahikorik esan nahi dutena esan nahi duten bezala esateko. Bere garaian inbertsio garrantzitsua egin zen hezkuntza sistema izango zelakoan euskara salbatuko zuena, baina ez dugu ondo egin. Gaurko hezkuntza sistemak goia jo du, behea jo duela ez esatearren. Ez ditu eskaintzen baliabide nahikoak gaurko gazteek nahi dutena euskaraz nahi duten bezala esateko». Arnasguneetan euskarari hauspoa makaldu zaiola diote azken datuek. «Irun ez da arnasgunea, baina Irunek baditu Oiartzunek baino euskaldun gehiago. Hori ahaztu egiten zaigu askotan. Ertzetan gaudenoi ere begiratu behar zaigu. Batzuetan ematen du euskara Oiartzundik edo Goizuetatik bakarrik etorriko dela eta ertzei ere erreparatu behar zaie, eta ertzetako euskaldunei ahotsa eman», bukatu du Altzagak. «En los pasos bajos la militancia, las ganas de aprender euskera, sigue más intensa, lejos de los títulos. En los pasos altos se percibe más el peso de quienes necesitan el título, la presencia de quienes lo necesitan para un puesto de trabajo o para puntuar en euskera»