GAUR8 - mila leiho zabalik

Araban bakarrik aurkitzen den eta galzorian dagoen goroldioa aztertu dute

«Orthotrichum casasianum» du izen zientifikoa, mundu osoan Araban baino ez da ezagutzen eta nagusiki Zuia, Kuartango eta Urkabustaiz udalerrietan aurki daiteke. Arabako Foru Aldundiak desagertzeko arriskuan dagoen goroldio horri buruzko azterlana egin du.

«Orthotrichum casasianum» goroldioa Araban baino ez da ematen, nagusiki Zuia, Kuartango eta Urkabustaiz udalerrietan. (Arabako Foru Aldundia)

«Orthotrichum casasianum» du izen zientifikoa eta nagusiki Zuia, Kuartango eta Urkabustaiz udalerrietan aurki daiteke, baina ez da beste inon ezagutzen, eta EAEko espezie mehatxatuen katalogoan agertzen da.

Espeziearen kontserbazioa bermatzeko, Arabako Foru Aldundiak azterlana agindu du 1999. urtean Baia ibaian, Lukiano herritik gertu hartutako materialen azterketatik abiatuta.

Azaldu dutenez, «orain arte Iberiar Penintsulako eta munduko beste inon aurkitu ez den» liken hori «oso banaketa eremu txikia du eta Zuiako eta Kuartangoko Arabako bailaretan dago». Gainera, ibaiertzekoa baino ez den espezie bat da, ingurune horietan hazten da eta ur goraldiekin lotuta dago.

«Landa eremuan ezagutzen oso zaila den espeziea da; goroldio epifitoa da», zuhaitz enborretan bizi dena eta, zehazki, haltz eta lizarren enborretan, zehaztu dute.

Araban duen presentzia baldintza geomorfologikoekin lotuta dago, eta zehazki Baia ibaiaren «urteko garai batzuetako emari garrantzitsuari eta uhaldien arteko erregimenari esker»; eta baldintza klimatikoekin, «izaera atlantikoko briofitoa delako».

Espeziea bizi duten ingurunea batez ere Zuia, Koartango eta Urkabustaiz udalerrietako espazio oso espezifiko batzuetara mugatzen da: «Baia ibilbidearen 20 kilometrotan zehar Lukianoko zubitik, Ugalde ibaiaren bokalearen ondoren, Aprikanoko zubiraino».

Intsusen hazkundea sustatzea

Guztira 1,20 kilometroko azalera da goroldioa zabalduta dagoen eremua, eta kalkulatzen da 170 zuhaitz inguruk izango dutela. Hain habitat txikian hauskortasun handiak eman daitezkeela esplikatu dute, emariaren aldaketen edo zuhaitzen mozketa baten ondorioz. Munduan espezie bakarra izanda, gainera, azterlana «beharrezkoa zen zer populazio hedapen duen eta zer behar biologikok eta ekologikok eragin duten Baian irautea», nabarmendu du Aldundiak.

Kontserbazio egoera hobetzeko, ikerlanak proposamenak planteatu ditu: «Baia ibaiertzeko basoaren lehen banda indartzea, bigarren basobanda hobetzea eta haren zabalera handitzea eta, desagertu bada, berreskuratzea; eta intsusen hazkundea sustatzea».