GAUR8 - mila leiho zabalik

Ariketa fisikoa eta kirol egokituak bultzatuko ditu eskoletan «Aktiba zaitez» kanpainak

Ariketa fisikoa, dieta orekatua eta bizimodu osasungarria sustatzea helburu dituen «Aktiba Zaitez» kanpainak kirol inklusiboaren aldeko mezua landuko du aurten, kirol egokituen modalitateak erakutsi eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen lekuan jartzeko.

«Aktiba zaitez» kanpainan parte hartuko duten hiru kirolari paraolimpiarrak, edizio berriaren kartelean. (GAUR8)

Ikasturteko hirugarren hiruhileko honetan, ariketa fisikoa sustatzea eta kirol egokituak ezagutaraztea helburu dituen “Aktiba Zaitez” kanpaina burutuko dute EAEko ikastetxeetan. Ausolan kolektiboentzako sukaldaritza enpresak eta euskal kirola, ez profesionala eta errendimendu handikoa sustatzen duen Basque Team Fundazioak bultzatzen dute ekimena.

Kanpaina ikastetxeetako jantokietan burutuko da, eguerdiko bazkalorduko denbora aprobetxatuz. Saioak, beraz, bazkalaurretik edo bazkalondoren burutuko dituzte, kirola praktikatzeak osasun ona mantentzeko duen garrantziaz kontzientziatu eta kirol egokituen zabalpenaren bidez desgaitasuna duten pertsonek aurre egin beharreko erronkez ere sentsibilizatzeko.

Saskibaloia aulki gurpildunean praktikatzen duen Agurtzane Egiluz gasteiztarra, mahai tenisean jokatzen duen Iker Sastre bilbotarra eta Tiro egokituan aritzen den Ager Solabarrieta ondarroarra dira saio horiek dinamizatuko dituzten hiru kirolari paraolinpiarrak.

Eskoletako saio horietan erronka eta jarduera ezberdinak burutuko dituzte ikasleekin, horien artean kirol ezberdinak erakustera eta irakastera bideratutakoak. Horrekin batera, «elikadura osasungarria izatea» eta «desgaitasuna duten pertsonak kirolean eta, oro har, bizitzan barneratzeko» mezuak landuko dituzte.

Nabarmendu dutenez, zentroetako hezkuntza-proiektuetako Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiten duen ekimena da, gainera. Horrekin lotuta, osasuna eta ongizatea, genero berdintasuna eta desberdintasuna murriztea jardueren beste ardatz batzuk izango direla zehaztu dute.