GAUR8 - mila leiho zabalik

Ulertze onari hitz gutxi?, Esaera Zaharren XXVII. Txapelketa dute larunbatean Sopelan

Sopelak Esaera Zaharren Txapelketa berreskuratuko du larunbatean. Ehun atsotitz izango dira protagonista, baina horiek harrapatzeko, bertsoekin adi egon beharko dira parte hartzaileak.

Etxahun Lekue, irudian, Ainhoa Agirreazaldegirekin arituko da Sopelan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Esaera Zaharren Txapelketa Sopelako kaleetara itzuliko da larunbatean. Aurtengoa, 27. edizioa da eta “Zakua, sobera betez, lehertzen da” du leloa.

Pasa den astelehenean itxi zen izena emateko epea, orain ‘ulertze onari hitz gutxi’ bezalako atsotitzak praktikan jartzeko ordua hurbiltzen ari da.

Parte hartzaileek atsotitzak asmatu beharko dituzte bertso bidez emango zaizkien pistei erreparatuta. Edizio honetan, Ainhoa Agirreazaldegi eta Etxahun Lekue dira bertsolari gonbidatuak.

Txapelketa bi saiotan banatuta egongo da. Lehen fasea goizean ospatuko da. Algortako Bertsolari Eskolako kideek idatzitako bertsoak izango dira pista emaile nagusiak. «Tabernaz taberna ibiliko dira guztiak herrian, musikariak lagun», azaldu dute antolatzailek jai giroan ospatzen den hitzorduaz.

Artadi garagardotegian izango den bazkariaren ostean, talde finalistak bigarren fasera pasatuko dira, eta horretan adi egon beharko dira Ainhoa Agirreazaldegi eta Etxahun Lekuek botako dituzten bertsoei.

Parte hartzaileentzat zein jarraitzaileentzat, gomendioa ere zabaldu dute antolatzaileak: AEK-ren webgunean eskuragarri utzi duten atsotitz zerrenda ikastea. Ehun esaera zaharren bilduma da, bakoitzari dagokion esanahiaren inguruko azalpenak ere jasozen dituena. ‘Abere gaiztoa da gorrotoa’ atsotitzarekin hasten da, eta ‘Zuzentasuna nahi duena bere etxetik hasi bedi’ dioenarekin bukatu.

Txapelketaren oinarriak webgunean bertan dauden eskuragarri. Horiei erreparatuta, komeni da gogoratzea bildutako ehun atsotitzen arteko bat ez dela benetakoa. «Esaera ‘berria’ identifikatzen duenak sariren bat izango du», zehaztutakoaren arabera. Aurreratu dutenez, sari ugari izango dira irabazleentzat, eta origarri bana parte hartzaileentzat.