GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUko lau ikasle, Municheko «Plancks 2022» fisika lehiaketan

EHUko lau ikasle Municheko «Plancks 2022» fisika lehiaketa ospetsuan izango dira, maiatzaren 5etik 8ra. Taldean arituko dira eta hainbat fisika arazo konpondu behar izango dute, baina lehiaz gain nazioarteko beste fisikari batzuekin harremanetan egoteko suposatzen duen aukera nabarmendu dute. 

«Plancs 2022» fisika lehiaketan parte hartuko duten ikasleak, irudian. (EHU)

Aurten euskal ordezkaritza izango du International Association of Physics Students-ek antolazten duen “Plancks 2022” fisika lehiaketak. EHUko Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu bikoitzeko lau ikaslek osatzen dute Rodinyer izenarekin lehiatuko den taldea. Estatu mailako lehian txapeldunorde izan ondoren, Municheko txartela lortu dute Jaime Lopezek, Gabriel Ybarrak, Marco Lopezek eta Carmelo Lopezek.

Azaldu dutenez, «ilusioz gainezka» eta parte hartzeko «gogo biziz» doaz batere erraza ez den txapelketara. Munichen egon ahal izatea, gainera, urte askotako ahaleginaren emaitza dela azpimarratu dute.

Plancksen nazioarteko faseraino iritsi ahal izateko graduko azken lau urteetan «lan dezente» egin behar izan dutela adierazi dute, «fisika ez baita erraza». «Hainbat trebetasun eskatzen ditu, batez ere zorroztasuna eta abstrakziorako gaitasuna. Baina, bestalde, esan behar da asko gustatzen zaigula ikasten duguna», adierazi du Gabriel Ybarrak.

Atariko frogak martxoaren 4an izan ziren, eta Estatu espainoleko 48 taldek hartu zuten parte, 16 unibertsitateko 200 parte hartzaile inguruk. Lehen sailkapen horretan, RODINYER taldea txapeldunorde geratu zen.

Esperientziaren beste ikuspuntu bat nabarmendu du Jaime Lopezek. «Taldean arazoak konpontzera ohituta ez gaudenez, interesgarria izan da ordu batzuk elkarrekin lan egitea. Egia da hasieran arraro samarra egin zitzaigula, eta nahiago genuen arazoak banaka banatu. Gauzak trabatu ahala, hobeto antolatzen hasi ginen. Batak egiten ez zekiena, besteak egiten zuen, eta horrela joan ginen pixkanaka aurrera egiten», esan du.

Parte hartzaileentzat lehiaketa bera baino nazioarteko esparruan beste fisikari batzuekin lankidetzan aritzeko aukera izatea da hitzorduaren erakargarritasun nagusia.

Ideia horren inguruan, Marco Lopezek adierazi du «nahiz eta Municheko ekitaldi nagusia lehiaketa izan, fisika historian zehar pertsona askoren lankidetzatik abiatu» dela. «Horregatik, neurri batean, ez diogu garrantzi handirik ematen lehiaketari. Guretzat ekitaldi nagusia ez da lehiaketa bera, baizik eta diziplina bera, fisika, gustuko duen hainbat naziotako lagunekin elkartzea da inportantea», erantsi duenez.

Bost kontinentetako 40 talde

Lau eguneko iraupena izango du txapelketak eta bost kontinentetako 40 taldek hartuko dute parte. Gainera, lehiaketaren inguruan, ospe handiko fisikarien hitzaldiak izango direla iragarri dute. Izan ere, besteak beste Reinhard Genzel 2020ko Fisikako Nobel Sariak emango du hitzaldi horietako bat.

«Formalki lehiaketa batera joango garen arren, guretzat saririk handiena horrelako ekitaldi batera joan ahal izatea, zientzialari ospetsuen eta antzeko interesak dituztenekin hitzaldiekin gozatzera. Azken finean, garrantzitsua da esperientzia bizitzea eta aukera paregabe honetaz gozatzea. Irabaztea edo bigarren mailako gaia da, ez dugu nahi lehiaketan gaizki egiteak bidaia zapuztea», hausnartu du Carmelo Lopezek.