2022 MAI. 25 Doitasunezko medikuntza pertsonalizatuan aurrerapausoak emateko ikerketa bat abian Maria Puy Portillo EHUko irakaslearen gidaritzapean, doitasunezko medikuntza pertsonalizatuan aurrerapausoak ematea helburu duen ikerketa proiektua jarri da abian. Informazio genomiko eta molekularraz gain, egitasmoak kontuan hartuko ditu gizarte, ingurumen eta portaera faktoreak, gaixotasunen kausak ulertu eta prebentzioan sakontzeko. Proiektuak gaixotasun kardiobaskularretan jarriko du fokua, horien prebentzioan eta tratamendu pertsonalizatuan sakontzeko. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Gaixotasunei heltzeko modua eraldatu eta doitasunezko medikuntza pertsonalizatu bat garatzeko bidean, Maria Puy Portillo Baquedano EHUko irakaslea buru duen ikerketa proiektu bat jarri da abian Estatu mailan. Praktika klinikoan eta osasun publikoko neurriak ezartzeko erabakiak hartzeko moduan eragin nahi da, «medikuntza seguruagoa, eraginkorragoa, prebentiboagoa eta prediktiboagoa, datu masiboen erabileran oinarrituta eta osasunari eragiten dioten ezaugarri indibidualetara egokituta».Carlos III Institutuko (CIBERobn) Sareko Ikerketarako Zentro Biomedikoaren eta Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuaren barruan dago proiektua garatzen ari den ikertzaileen taldea. Ikerketaren inguruko xehetasun batzuk eman ditu Portillok horren garrantzia azpimarratzeko. Agertu duenez, doitasunezko medikuntza pertsonalizatuan informazio genomikoak eta molekularrak funtsezko paper bat jokatzen dute gaixotasunak hobeto ulertzeko. «Kontuan hartzen du, halaber, gizarte, ingurumen eta portaera faktoreek funtsezko eginkizuna dutela hala gaixotasunaren garapenean nola osasunaren sustapenean; eta beharrezkoa du, hortaz, prozesu kliniko-asistentzialean informazio hori guztia ohiko moduan lortutako datu klinikoekin integratzea», zehaztu duenez.Proiektuak “Metabolomika, genomika eta nutrizioa gaixotasun kardiobaskularraren medikuntza pertsonalizaturako” izena du, eta hurrengoa du «hipotesi nagusitzat»: «informazio metabolomikoa, genomikoa eta nutrizionala integratzea baliagarria izango da gaixotasun kardiobaskularrari heltzeko modua pertsonalizatzeko, bai prebentzioan bai tratamenduan». Tresna horien harira, jarraipen prospektiboa egiteko Carlos III Osasun Institutuak sortu berri duen populazio taldea aipatu du. 200.000 parte hartzaile ditu, eta beste herrialde batzuetan abian diren kohorte nazional handi batzuen antzekoa izango dela zehaztu du adituak. Gaixotasunen kausak ulertzeaHorren atzean, osasun publikoan lehentasunezkoak diren gaixotasunen kausak eta osasun egoerak hobeto ulertzeko nahia dago. Era berean, Estatuko biztanleen osasun egoera monitorizatu nahi da, «arreta berezia jarriz osasunaren arloko desberdintasunei, gaixotasuna izateko arriskuaren eta bestelako osasun kondizioen aurreikuspena barne, hala nola adinarekin, lesioekin eta desgaitasunarekin lotutako narriadura funtzionala».Datu horiekin batera, gaixotasun azpiklinikoen eta hasierako faseetan dauden biomarkatzaileak identifikatu nahi dira, «baita praktika klinikoan erabilgarriak izan litezkeen fenotipoen biomarkatzaileak ere».Ikerlanak zehaztu dituen helburuen artean nagusietako bat gaixotasun kardiobaskularra duten pertsonen artean dietaren eta aztarna metabolikoaren arteko loturarik dagoen ikustea da. Horren ondoan, dietari erantzun metaboliko handiago bat duten pertsonak identifikatzen laguntzen duten ezaugarri soziodemografiko –genero ikuspegia barne–, kliniko, genetiko jakin batzuk dauden baloratuko du. Hirugarren helburua, bestalde, elikadura ereduekin lotuta dago. Asmoa da aztertzea «informazioa biltzeko tresna tradizionalen bidez identifikatutako elikadura ereduen balorazioak aski korrelaziorik duen eredu horien araberako markatzaile objektiboekin».