GAUR8 - mila leiho zabalik

Ia 500 ikastaro eskainiko ditu Donostia Kulturak irailetik aurrera

Zehazki 498 dira, 462 helduentzat eta 36 haur eta gazteentzat. Matrikulazioa irailaren 12an hasiko da, 16.00etatik aurrera, eta hilaren 25ean bukatuko da.

Ikastaroen aurkezpen ekitaldia. (DONOSTIA KULTURA)

Donostia Kulturak 2022-2023 ikasturterako prestatu duen ikastaro eskaintza aurkeztu du. Guztira 498 ikastaro dira (462 helduentzat eta 36 haur eta gazteentzat) eta Donostiako kultur etxe desberdinetan eta Liburutegi Nagusian emango dira.

Ikastaroen matrikulazioa 2022ko irailaren 12an hasiko da, 16.00etatik aurrera, eta hilaren 25ean bukatuko da. Hiriko edozein kultur etxetan eta Donostia Kulturaren webgunean egin ahalko dira izen-emateak.

Eskaintza pdf formatuan kontsultatu daiteke Donostia Kulturaren webgunean –informazio osoa https://www.donostiakultura.eus/eu/ikastaroak helbidean– eta hiriko kultur etxeetan ere ipiniko da paperean eskuragai irail hasieran.

Puntu aipagarrienen artean nabarmendu behar da ikastaroak pandemiaren aurreko normaltasun-egoerara itzuliko direla, bai ikastaro eskaintzaren aniztasunean (sukaldaritzarekin eta ardo-dastaketarekin lotutakoak berreskuratuko dira adibidez), bai ikastaroak ematen diren aretoen aforoetan ere.

Gainera, ikasturte honetatik aurrera, egin beharreko ikastaroen matrikulen ordainketa gehienez ere bi orduko epean egin beharko da, bai webgunearen bidez, baita aurrez aurre ere, banku-transferentzi ordainketak izan ezik (horiek 24 orduko gehieneko epea izango dute).

Matrikulazioa hiritar guztientzat dago irekita eta gaiaren arabera hauexek dira arlo nagusiak: arte plastikoak, eskulanak, "irudia, soinua eta komunikazioa", arte eszenikoak, "autoezagutza eta osasuna", humanitateak, DK irratia eta musikagela.