2022 UZT. 29 «Izaro: Natura eta Historia», irla famatua hobeto ezagutzeko aukera Bermeon Uharteko frantziskotarren komentuaren sorreraren 600. urteurrena da erakusketaren ardatz nagusia eta 2023ko martxora arte bisitatu ahalko da. Aixa Gaztelu, Xabier Armendariz, Lorea Bilbao eta Anton Erkoreka, aurkezpen ekitaldian. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA) GAUR8 Bermeoko Arrantzaleen Museoan egongo den "Izaro: Natura eta Historia" erakusketa aurkeztu dute gaur goizean. Anton Erkoreka eta Xabier Armendariz ditu komisario eta «Izaro uhartearen alderdi desberdinak azaltzeko balio duten askotariko piezak biltzen ditu, hala nola tailu eta irudi erlijiosoak, pieza arkeologikoak edo margolanak», Bizkaiko Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Uharteko frantziskotarren komentuaren sorreraren 600. urteurrena da erakusketaren ardatz nagusia, eta bertan ikusgai daude uharteko komentuak iraun zuen 300 urteetan zehar gorde ziren pieza artistiko garrantzitsuenak. Hiru mendetan zehar, frantziskotarren komentuak hamaika istorio bizi izan zituen. Gaztelako errege eta erreginek bisitatu zuten, kortsarioek eraso egin zioten eta bertako fraideek zigor handiak jasan zituzten, adibidez. Historian zehar, komentuak ondare historiko eta artistiko aberatsa pilatu zuen, erakusketa honetan biltzen dena. Erakusketan ikus daitezkeen piezen artean, honako hauek daude: XVI. mendeko taula flandriar bat, San Antonioren mirariei buruzko XVII. mendeko sei taulako multzo bat, bi irudi gotiko edo Izaroko prozesio-gurutzea.Panelen zati bat uhartearen historia naturala ezagutzera bideratuta dago, bertako flora eta fauna, bai eta uhartea inguratzen duten itsaspeko hondoak ezagutzera ere, mendeetan zehar hondoratu diren hainbat ontzi baitaude bertan. Erakusketan ikusgai dauden piezak Elantxobeko Parrokiatik, Bilboko Euskal Museotik, Eleiz Museotik eta Bilboko Miserikordia Etxetik hartu dira, eta, era berean, Aldundiaren Arkeologi Museoan egon ohi diren piezak ere daude.Erakusketa 2023ko martxora arte bisitatu ahalko da.