GAUR8 - mila leiho zabalik

Klima-aldaketa eta desberdintasun sozialak, Epidemiologia Elkarteak Donostian duen bilkuraren ardatz nagusiak

Donostiak Epidemiologia Elkartearen biltzarra hartuko du asteazkenetik ostiralera. Klima-aldaketa eta desberdintasun sozialak ardatz nagusietako bi izango dira. Inaugurazio ofizialaren aurretik, klima mahai gainean egongo da asteartean, San Telmon, mahai-inguru batean.

Klima-aldaketak osasunean duen eragina aztertuko du biltzarrak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Izan al daiteke bizi-kalitaterik planeta gaixo batean? Ba al du klima-aldaketak ondoriorik osasun globalean? Gure ongizatea genetikaren edo bizi garen ingurunearen mende dago? Horretaz guztiaz hitz egingo da aste honetan Donostian, Epidemiologia Elkarteak Estatu mailan urtero ospatzen duen biltzar nagusian.

Bileraren prestakuntza duela urtebete hasi zen, aurreikusi gabe udan jazotako beroaldien maximo historikoak. «Leloa guztiz asmatu dugu, uda hau izugarria izan baita, etortzekoa bazen ere», adierazi dio Pere Godoy Batzorde Zientifikoko presidenteak Efe agentziari.

“XXI. mendeko erronkak: ingurumena, aldaketa klimatikoa eta desberdintasun sozialak” da aste honetan Euskal Herriko Unibertsitatean asteazkenetik ostiralera bitartean ospatuko den Epidemiologiaren XVII. Biltzarrerako aukeratu den leloa.

«Gai batzuek errepikakorrak dirudite batzuetan, baina errepikakorrak izateak esan nahi du ez direla behar bezala jorratu», eta horixe gertatzen da planetaren osasuna eta, horrekin batera, pertsonena kaltetzen ari den klima-aldaketarekin, Elena Vanessa Martinez Elkarteko presidenteak adierazi duenez.

Uholdeak, lehorteak, desertifikazioa... Berotze globalak planetaren osasuna gutxitzen du, eta «planeta izorratu bat izatea eta gu osasunez beteta egotea ezinezkoa da: alderdi fisikoek, kimikoek, ekonomikoek eta sozialek legeak dituzte eta gu ezin gara ekuazio horietatik erraz atera, inplikatuta gaude bai ala bai», dio Jesus Ibarluzea Batzorde Antolatzaileko presidenteak.

Tenperaturen igoerak eta prezipitazio gero eta urriagoek biztanleriaren mugimenduak ekarriko dituzte ezinbestean, eta gero eta gehiago hiri-inguruneetan kontzentratuko dira; aldi berean, bektoreek transmititutako gaixotasunak –baita migrazioak ere– eta zoonosiak transmititzea bultzatuko dute.

Eta, horren guztiaren erdian, desberdintasun sozialak, mende honetako osasun publikoaren erronka nagusien hirugarren hanka: «Ez zara pobrea bakarrik –argudiatzen du Martinek–, baizik eta pobreagoa zarelako gehiago hiltzen zarela; ez da ezin duzulako jan, baizik eta ingurune jakin batzuetan bizitzeak aukera-berdintasunik ez egotea edo aurrean dituzun arriskuak aukeratzea eragiten duelako».

"Desberdintasun sozialak –eransten du Ibarluzeak– dira osasunean eragina izateko elementu nagusia, beste kontu bat da normalean ez hitz egitea», eta horiek dira azkenean erabakitzen dutenak osasun-sistemara joatea, kalitate handiagoko inguruneaz inguratzea edo ingurune seguruagoan bizitzea.

Beraz, lehen esan bezala, kode genetikoak ez du bizi-kalitate hobea edo txarragoa markatzen, baizik eta "bizi garen kode geografikoak eta espazio horri lotutako gizarte-mailak alderdi biologikoek baino gehiago zehaztuko dituzte gure itxaropenak".

800 aditu baino gehiagoren parte hartzea

Donostiako biltzar honek 800 aditu baino gehiagoren parte hartzea izango du. Asteazkenean abiatuko da hitzordua, baina asteartean (hilak 30) motorrak berotuko dituzte San Telmo Museoan, herritarrei klima-aldaketaren hondamenak zuzenean aztertzeko irekitako lehen mahaian.

Kongresua hilaren 31n hasiko da ofizialki, hainbat gonbidaturen parte hartzearekin. Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburua izango da bertan, besteka beste.

Covid 19-a, bere zaintza eta kontrola lehenengo mahai-inguruan jorratuko dira, eta txertoen eraginkortasunari eta munduan duten hedapen desberdinari buruzko datu berrienak emango dituzte.

Osasun mentala, minbizia, sexu-transmisiozko gaixotasunak, obesitatea, pornografia eta sexu-indarkeria gazteen artean, pandemia osteko osasun publikoa, osasun publikoko agentzia berriak edo XXI. mendean herritarren osasuna monitorizatzeko kohorteen azterketak izango dira aurkeztutako mila komunikazio baino gehiagoren ardatz.

Hasierako jardunaldian, tximinoaren baztangaren inguruko analisia ere egingo dute.