GAUR8 - mila leiho zabalik

«Geoportal» webgunea berritu du Nafarroako Gobernuak, edukiak eskuragarriago egiteko

«Geoportal» Nafarroako Lurralde Informazioko Sistemaren webgune berriak edukien eskuragarritasuna hobetu du. Hilean 400.000 bisitari duen tresnak diseinua aldatu du nabigazioa errazteko.

Informazioa geografikoa eskaintzen duen tresnak 400.000 bisitari ditu hilean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ‘Geoportal’ Nafarroako Lurralde Informazioko Sistemaren (SITNA) webgunea berritu du.

Eskuragarritasuna hobetzea izan da helburu nagusia, nabigazio errazago eta intuitiboago baten bidez, azaldu du Exekutiboak ohar batean.

‘Geoportal’-a 2020ko apirilean hasitako proiektu baten emaitza da, Nafarroako Gobernuaren, sozietate publikoen eta SITNAren barruko erakundeen sailen arteko lankidetzari esker.

Zerbitzua berregituratu, modernizatu eta hobetzera bideratu zen proiektua. Hilean, 400.000 bisitari baino gehiago izaten ditu, 30 milioi mapa baino gehiago eskatuz eta 3.000 GB informazioa deskargatuz.

Orain, webgune berritua komunikazio kanal bakar gisa aurkezten da, baliabide ugariren bitartez (bisoreak, mapak, argazkiak eta bideoak) Nafarroako entitateen informazio geografiko ofizialaren etengabeko zabalkundea errazten duena.

Atari berria gaztelaniaz eta euskaraz eskuragarri dago. Eduki geografikoa modu argian eskuratzea eta egituratzea errazten duen gaur egungo diseinua duela nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, ikusizko baliabideak nagusitu dira testu-kantitate handien aurrean, edozein erabiltzaile mota erakartzeko.

Nafarroako lurraldeko informazioa eskuragarriago egin nahi izan da, bai profil teknikoentzat, bai aldez aurreko ezagutzarik ez duten pertsonentzat.

Puntu bateratua

Nafarroako Geoportal atari berria garapenerako azken teknologia erabiliz eta ezaugarri jakin batzuk aplikatuz sortu dela zehaztu dute, informazio geoespazial guztia edozein gailutatik eskuratzeko puntu bateratua bihurtuz.

Diseinu berriarekin, erabiltzaileak 1.500 gai baino gehiagoren artean bilatu nahi duen edozein informaziorako abiapuntua da hasierako orria, edukien egitura argiago baten garapenari esker ikusi eta deskargatu daitezkeenak.

Bi menu-barra ditu, bata goiburuan eta bestea orrialdearen behekaldean. Biek osatzen dute, funtsean, gune horren web-mapa, eta eskuragarri dauden baliabide guztietarako sarbidea ematen dute.