GAUR8 - mila leiho zabalik

Sudurreko odoljarioa tratatzeko tapoi ekologikoa sortu dute, elikagaien azpiproduktuekin ekoitzia

UPV/EHUko ikerlariek sudurreko hemorragia tratatzeko tapoi ekologiko bat diseinatu dute. Elikagaien industriako azpiproduktuekin ekoiztuta, egun merkatuan dagoen tapoirik onena baino ezaugarri hobeak omen ditu.

Irudian, sojaren proteina eta txibiaren lumaren kitina erabilita UPV/EHUko ikertzaileek ekoitzi dituzten tapoiak. (UPV/EHU)

UPV/EHUko NanoBioCel eta BIOMAT taldeek sudurreko odoljarioa gelditzeko tapoi ekologiko bat garatu dute. «Ekonomia zirkularraren ikuspegitik egina», gaur egun «merkatuan dagoen tapoirik onenak baino ezaugarri hobeak» dituela nabarmendu dute ikertzailek.

Zehaztutakoaren arabera, elikagaien industriako azpiproduktuak erabili dituzte: sojaren proteina eta txibiaren lumaren kitina.

Sudurreko odoljarioa (epistasia da izen zientifikoa) larrialdi otorrinolaringologiko ohikoenetako bat da mundu osoan, gogoratu dute ohar batean.

Munduko populazioaren %60k gutxienez behin izango du epistasia, eta kasuen %6 eta 10 bitartean laguntza medikoa behar izaten dute, azaldu dute odoljario mota horren intzidentzia handiaz.

Hemorragia horiei aurre egiteko metodo ezagunenetako bat sudurra buxatzea da, eta horregatik, sudur-tapoirik egokiena aukeratzea «funtsezkoa da tratamenduaren emaitzarako».

«Sudurreko tapoi idealak hemostasia lagundu behar du, odoljarioak geldiarazteko mekanismo biologikoen multzoa», gaixoarentzat erosoa izan eta sudurreko mukosaren kaltea gutxitu behar du, zehaztu dutenez.

«Egiaztatu dugu elikagai-industriako azpiproduktuak biomaterialen iturri baliotsu eta jasangarriak direla, eta horiek erabil daitezkeela propietate hemostatiko handiko sudur-tapoi seguru eta eraginkorrak fabrikatzeko», adierazi du Edorta Santos Vizcaino NanoBioCel taldeko ikertzaileak.

«Kitina da egitura berri horren oinarria, hau da, material harroaren eskeletoa; soja-proteinak, berriz, egitura hori inguratzen du, materiala oso biobateragarria izan dadin eta, era berean, odol-kantitate handiak xurga ditzan», argitu dute.

Ikerketan estrategia berdeak izan duen garrantzia azpimarratu dute, ekonomia zirkularraren lanketa azpimarratuz.

Europako patentea eskatuko dute orain, «produktuaz interesatuko den enpresa bat bilatu nahian, ideia gauzatu ahal izateko eta ekonomia zirkularraren kontzeptuan oinarritutako teknologia horren aldeko apustu egiteko», aurreratu du Santosek.