GAUR8 - mila leiho zabalik

Durangaldeko ikerlari gazteen sarien edizio berria jarri dute abian

Durangaldeko historia, kultura, ondarea edota gizartearen zaintzarekin lotutako gazteen ikerlanak saritzen dituen bigarren deialdia zabaldu du Gerediaga elkarteak Durangoko Amankomunazgoaren laguntzarekin. Aurkezteko epea apirilaren 17ra arte dago zabalik.

Durangaldeko kultura, ondarea eta historiarekin lotutako lanez gain, gizartearen zaintzari buruzkoak saritzen ditu Gerediagaren deialdiak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ikerlari berrien sarien deialdi berri bat jarri du abian. Ekimenak eskualdeko ondarea, historia eta kulturaren inguruko lanak sustatzea du helburu, baina horiez gain, gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenerako zaletasunarekin lotutako lanei ere zabaldu nahi dizkie ateak.

Gazteei bereziki zuzendutako deialdia da, eta bi baldintza ditu: eskualdean kokatutako ikerlanak izatea eta euskara hutsean aurkeztea.

Bi baldintza horiek beteta, edozein jakintza-arloren ingurukoak izan daitezke ikerlanak. Apirilaren 17ra arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea.

Bi kategoria, adinaren arabera

Parte hartzaileen adinari dagokionez, ikerketa eta dibulgazio lanak bi kategoriatan lehiatuko dira: 18 urtera arteko bat eta 19 eta 35 urte bitarteko lagunentzako beste bat.

Jatorrizko lanak izan behar dira eta hainbat formatutan aurkez daitezke. Zehaztu dutenez, artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcastak izan daitezke.

Bakarkako lanak edo talde lanak onartzen dira, baina gogoratu dutenez, ezinbesteko baldintza da «eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea», eta «talde lana bada, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza».

Bigarren deialdi honen epaimahaia osatuko duten lagunak ere aurreratu ditu Gerediagak ohar batean; Iruri Altzerreka Martinez zuzenbideko ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako gazteek osatuko dute.