GAUR8 - mila leiho zabalik

Abian jarri dute euskarazko zinema eskaintza indartuko duen Zinuemaren programazioa

Abian jarri dute Zinuema, Ataunen, Azpeitian, Etxarri-Aranatzen eta Igorren euskarazko zinemaren eskaintza indartuko duen programazioa. Otsailera arteko lehen karteldegi hau eskaintza egonkor baterako esperientzia da, UEMAk eta Tinko Filmeak-ek elkarlanean antolatuta.

IZinuema esperientziaren bultzatzaileak, urrian egindako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Hemendik otsailera, Ataunen, Azpeitian, Etxarri-Aranatzen eta Igorren, euskarazko filmen eskaintza handiago bat izango dute asteburuero Zinuema programari esker. Karteldegia abian jarri dute egunotan, formatu ezberdinetako ikus-entzunezkoak eskainiz.

Programazioa eskaintza egonkor baterako esperientzia pilotu gisa planteatzen dute. Izan ere, eskaintza handitzea da asmoa, eta hasteko, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala bera pantaila handian zuzenean ikusteko aukera eskainiko du lehen fase honetan.

UEMAk eta Tinko Filmeak-ek elkarlanean bultzatutako programazioa da eta formatu ezberdinen eskaintza horren zergatia azaldu zuten: «Gaur-gaurkoz ez da egingarria urte osoko programazio bat egitea euskarazko filmekin soilik; horregatik dira hainbat formatutako lanak, zinema areto batean euskaraz goza daitekeen ekitaldi kopurua handiagoa izan dadin».

Ekimenaren aurkezpenean, Eneritz Albizu Azpeitiko Euskara zinegotziak euskarazko ikus-entzunezkoak herritarrengana hurbiltzea administrazioaren ardura dela azpimarratu zuen. Gogoratu zuenez, Azpeitian ere gaztelania da lehen hautua telebistan, zinemetan, plataformetan eta aplikazioetan, eta horren atzean euskarazko eskaintza sendo baten beharra dagoela azpimarratu zuen, gaztetxoentzat eta helduentzat erakargarria den euskarazko edukien eskaintzak duen garrantzia nabarmenduz.

«Euskaraz bizitzeko, beharrezkoa da gure iruditegia euskaraz elikatzea. Ikusten eta sentitzen dugun horrek gure izaera eraikitzen du», esplikatu zuen Albizuk.

Ekimenaren harira, Kulturaz Kolektiboko Eusebio Belokik giltzarritzat jo zuen eskaintza handitzea, ekoizpena sustatzea eta zinema aretoetara joateko aukerak sustatzea.

Zinuemaren karteldegia, sarreren erosketa eta egutegia izen bereko webgunean daude eskuragarri.

Programak bonu sistema bidez funtzionatuko du, emanaldi guztietarako baliagarria den txartela 10 euroan erosita, edo emanaldi bakoitzeko sarrerak leihatilan erosita.