GAUR8 - mila leiho zabalik

Zeinu hizkuntzaren identifikazio automatikoan ari da lanean UPV/EHUko ikerlari talde bat

UPV/EHUko ikertzaile talde bat zeinu hizkuntzaren identifikazio automatikoan ari da lanean. Zeinu ezberdinen artean bereizteko, bideoetatik ateratako eskuko erreferentzia puntuak erabili dituzte. Esperimentazioak etorkizun handiko bideak zabaltzen dituela nabarmendu dute.

Irudian, ikerlanean parte hartzen ari diren adituetako batzuk. (UPV/EHU)

UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikertalde bat zeinu hizkuntzaren identifikazio automatikoa lortzeko sistema batean ari da lanean, «bideoetatik ateratako eskuetako erreferentzia puntuak» erabiliz.

Itsaso Rodriguez-Moreno, Jose Mari Martinez-Otzeta , Izaro Goienetxea eta Basilio Sierra ikertzaileak daude duela gutxi “Plos One” aldizkari zientifikoak argitaratu duen lan horren atzean.

Ikerketa konplexua eta proiekzio handikoa da. Ikertzaileek eurek emandako datuen arabera, munduko herritarren %5 baino gehiagok entzumen arazoak ditu, «horrek esan nahi du 466 milioi pertsonak arazoak dituztela, 432 milioi heldu eta 34 milioi ume, eta aurreikusten da kopuru horrek gora egingo duela». Izan ere, 2050. urterako 700 milioi pertsona inguruk entzumen urritasunak izatea espero da, zehaztu dutenez.

Lan arloak duen konplexutasuna azaltzeko, gogoratu dute ikertzaileek zeinu hizkuntza ez dagoela mundu osoan zabalduta, eta zeinu hizkuntzek ahozko hizkuntzek bezala euren egitura linguistikoak dituztela. Horren ondorioz, «nahiko zailak dira ahozko hizkuntzetara itzultzeko».

Milaka zeinu, testuingurua, aurpegia...

Ideia horretan sakonduz, argitu du Itsaso Rodriguezek zeinu hizkuntza bakoitza milaka zeinuk osatzen dutela eta «askotan, aldaketa txikiengatik bereizten» direla. Horren ondoan, kontuan hartu behar da, dioenez, zeinu baten esanahia testuinguruaren edo esaldiaren arabera aldatu ahal dela, eta aurpegia, gainera, funtsezkoa dela zenbait keinu adierazteko.

Badaude, bestalde, zeinu hizkuntzen beste ezaugarri batzuk: «hitzen ordena desberdina izan ahal da testuinguruaren arabera» eta «zenbait aditz ez dira zeinuz adierazten». Kontuan hartzekoa da, halaber, hatz bidezko letreiatzea erabiltzen dela, batez ere izen bereziekin erabiltzen dena.

Agertoki horretan, euskal ikerlariek lantzen ari diren ikuspegia bideoan oinarritutako zeinu hizkuntzan oinarritzen da, eta esperimentazio bide berriak zabalzten dituela adierazi dute.

«Prozesuaren lehen urrats gisa, seinale batzuk osatzen dira MediaPipek (aurpegiko detekzio ultralasterreko soluzioa) ateratako posizioekin. Seinale horiek zeinua egiten ari den eskuaren artikulazio multzo bat irudikatzen dute», azaldu dutenez.

«Jarraian, seinale horiek Common Spatial Patterns algoritmoa (elektroentzefalograma seinaleetan maiz erabiltzen den algoritmoa, dimentsionaltasuna murrizteko) erabilita eraldatzen dira. Common Spatial Patterns elektrokardiografiaren, elektromiografiaren esparruan edo irudi astronomikoetan ere aplikatu da planetak detektatzeko, eta duela gutxi bideo bidez ekintzak ezagutzeko erabili da», erantsi du Basilio Sierra ikerlariak.