GAUR8 - mila leiho zabalik

Elikagaien etiketek erosteko asmoan eragiten dute, EHUko ikerketa baten arabera

Elikagai eta edarietako ontzien aurreko etiketan agertzen den informazioak kontsumitzeko orduan duen garrantzia aztertu du UPV/EHUk aurkeztutako doktorego tesi batek. Ikerketak ondorioztatu du erostea erabakizteko orduan, ohartarazpen zigiluen informazioan jartzen dutela arreta kontsumitzaile gehienek.

Emakume bat erosketak egiten, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Elikagaien etiketen informazioaren ulermena eta horiek erosteko asmoan duten eragina aztertu ditu Patricio Perez Amijok aurkeztutako doktorego tesi batek.

«Ikerketaren helburua izan da Nutri-Score etiketak (NS) eta ohartarazpen zigiluek (SdA) kontsumitzaileengan, bai nutrizio kalitatea ulertzeko bai pertsonen erosteko asmoa aldatzeko gaitasunean duten eragina alderatzea, kontsumitzaileek gaixotasun kroniko kutsakorrak izan ala ez», azaldu du UPV/EHUk ohar batean.

Etiketek ematen duten informazioaren inguruan gogoratu du gaixotasun kroniko ez kutsakorren igoerari aurre egiteko estrategiak bultzatzen dituela osasun publikoak, eta horren adibide dela elikagaien aurreko etiketa. «Etiketa hori modu argian eta sinplean agertzen da elikagaien eta edarien ontzien aurreko aldean, kontsumitzaileek elikadura erabakiak behar bezala informatuta har ditzaten».

FOPL (aurreko etiketa) izeneko sistema horiek abantaila ugari dituztela baieztatzen dute ebidentziek baina «oso azterlan gutxik ikertu dute objektiboki horiek zer-nolako eragina duten elikagai osasungarriak identifikatzeko orduan eta gaixotasun kroniko ez kutsakorren bat duten herritarren artean erosteko asmoa aldatzeko orduan». Erronka hori ardatz hartuta, zeharkako azterlan bat egin zen gaixotasun kronikoak zituzten eta gaixotasun kronikorik ez zuten 5.140 lagunekin.

Patricio Perez Anmijio tesiaren egileak zehaztu duenez, Nutri-Score (NS) sistemarekiko pertzepzioa positiboa da. Izan ere, %55 baino gehiagok uste zuen sistema erabilgarria zela nutrizio informazioa helarazteko, %44,2k erosketa osasungarriagoa egiteko aukera ematen ziela onartu zuen eta %24,8k etiketarik gabeko produktuekiko mesfidantza sentituko lukeela adierazi zuen.

Hala ere, ia %60ren ustez sistema ez da oso edo batere lagungarria obesitatearen pandemia eta gaixotasun kronikoak kontrolatzeko estrategian.

Ohartarazpen zigiluak, sistema egokiagoa

«Inkestatu gehienen ustez ohartarazpen zigiluak (SdA) dira etiketatze sistemarik onena, eta ez NS zigiluak, errazago helarazten baitute nutrizio informazioa», zehaztu dute ikerketaren emaitzen inguruan.

«Proba esperimentalei dagokienez, elikagai kategoria bakoitzaren nutrizio kalitatearen ulermen objektiboa nabarmen handiagoa izan zen ohartarazpen zigiluen kasuan, kontrolatzeko eta NS zigiluekin alderatuta. Horrek erakusten du sistema hori dela herritarrek hobekien ulertzen dutena, herritar horiek gaixotasun kronikoak izan ala ez», adierazi du ikertzaileak.

Bi etiketatze sistemen eraginpean egon izanak nabarmen aldatu zuen erosteko asmoa bi azterketa taldeetan; dena den, ohartarazpen zigiluek eragin handiagoa izan zuten, horiei esker, herritarrek elikadura produktu ez osasungarriak erosteari uko egin eta osasungarriagoen alde egin baitzuten.