GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Muhammad Alik 81 urte beteko lituzke gaur

1942ko urtarrilaren 17an jaio zen Muhammad Ali, XX. mendeko boxeolari onenetariko bat, bost aldiz baino ez zuen galdu eta. Horretaz gain, bere aktibismoagatik ezaguna izan zen, Vietnameko Gerraren aurka egin baitzuen eta kontzientzia-eragozle izan zen, batez ere arrazoi erlijiosoengatik.

Ali, orduan Cassius Clay, bere entrenatzailearekin, Joe E. Martin, 1960ko urtarrilean. (Wikimedia Commons)

Duela 81 urte sortu zen Cassius Marcellus Clay, Jr. Louisville hirian, Ameriketako Estatu Batuetan. Muhammad Ali izenaz ezaguna, munduko boxeolari onenetariko bat izan zen, Munduko Pisu Astunen txapelketa hiru aldiz irabazi baitzuen.

12 urterekin hasi zen boxeatzen, bere sorterriko polizia zen Joe Martinen babespean. 18 urterekin, 1960an, pisu arineko urrezko domina bat irabazi zuen Olinpiar Jokoetan, Erroman. Urte horretan bertan profesional bihurtu zen.

Hasieran ez zen nabarmentzen boxeorako zuen trebeziagatik eta askotan bere borroka teknikekiko kritikak jaso zituen. 1964Ko otsailaren 25ean, baina, lehenengo aldiz munduko txapeldun bihurtu zen Sonny Listonen aurka irabazi zuenean.

Urte horretan bertan, eta islamera konbertitu ondoren, bere «esklabo izena» alde batera utzi eta Cassius X izena hartu zuen, Malcolm X-k egin zuen bezala. Geroago, Muhammad Ali izatera pasa zen.

1965ko maiatzean berriz ere Listonen aurkako errebantxa batean irabazi zuen, lehenengo roundean. Horren ondoren, Floyd Patterson, George Chuvalo, Henry Cooper, Brian London eta Karl Mildenberger boxeolarien kontra irabazi zuen. 1966ko azaroaren 14an, Cleveland Williamsen aurka borrokatu zen. Hiru txandatan zehar, Alik 100 kolpe baino gehiago eman zituen eta hiru aldiz jo zuten. Garaipen horren ostean, Ernie Terrell eta Zora Folley ere menperatu zituen.

1967an Vietnameko Gerrara joateko armadan sartzeari uko egin zion eta boxeatzea debekatu zioten estatu guztietan. Hortaz, 1967 eta 1970 artean boxeatzeari utzi zion. Garai hartan, Chicagon bizi zela, gerraren aurkako protestetan parte hartu zuen eta bere aktibismoagatik oso ezaguna egin zen, bereziki beltzen artean. Bitartean, gizarte estatubatuarrak eta prentsak gogor kritikatu zuten. Gainera, fidantza ordaindu zuen arren, bost urteko kartzela-zigorra jaso zuen.

Boxeora itzuli zenean, ia 29 urterekin, lehenengo bi borrokak irabazi zituen baina Joe Frazieren aurka galdu zuen, ‘Mendeko Borroka’ izan zelakoan. Hurrengo urteetan zehar hainbatetan irabazi zuen, baina 1978an txarrera jo zuen eta munduko txapelketa galdu zuen. Geroago txapeldun izatera bueltatu zen, baina 1981an utzi zion boxeatzeari betiko, 56 garaipen, 5 porrot eta 37 knock-outekin. Parkinsonak jota hil zen, 2016an.