GAUR8 - mila leiho zabalik

Matematika Olinpiada ospatuko dute bihar EHUko Leioako Campusean

Batxillergoko eta DBHko 30 ikasle baino gehiagok hartuko du parte bihar Leioako Campusean ospatuko den Matematika Olinpiadan. Zientzia eta Teknologia Fakultateko saio hori Estatu mailako proben lehen fasearen barruan dago.

UPV/EHUko Leioako Campusa, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bihar bertan, urtarrilaren 20an, ospatuko du UPV/EHU-k antolatutako 59. Matematika Olinpiada, Leioako Campusean, Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Ohar batean azaldu dutenez, saio horrekin hasiko da Estatu espainoleko Errege Matematika Elkarteak antolatzen duen Olinpiadaren lehen fasea.

EAEko 30 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte proba horietan. Berez, Batxillergoko ikasleei zuzenduta dago lehiaketa, baina salbuespen gisa, eta irakasleak idatziz hala bermatzen badu, beheragoko mailetako matematika gaitasun handiko ikasleek ere har dezakete parte.

Lehen fase honetan euskaraz edo gaztelaniaz egin hala izango diren probak daude, eta proba horietan hainbat problema ebatzi beharko dira. «Debekatuta kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak», ohartarazi dute antolatzaileek.

Nazioartekoa, Japonian

Fase honetan lehen hirurak Leonen ospatuko den Azken Fasea jokatuko dute martxoaren 10etik 12ra. Estatu mailako final horren sei sailkatuak Chiban (Japonia) jokatuko den Nazioarteko Matematika Olinpiadara joango dira.

Zehaztu dute, bestalde, tokiko faseetan ondoen sailkatutako neskek, gehienez ere 15, Estatu espainola ordezkatuko duen taldearen hautaproban parte hartu ahal izango dutela Europako Emakumezkoen Olinpiadan (EGMO). Proba hori Portoroz-en egingo da, Eslovenian, apirilean.