GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 39 urte Apple Macintosh lehen ordenagailu pertsonala atera zen merkatura

1984ko urtarrilaren 24an Steve Jobsek Apple Macintosh lehenengo ordenagailu pertsonala merkaturatu zuen. Berritasunen artean, erabiltzaile interfaze grafiko bat eta sagu bat erabiltzen zuela komandu lerroaren ordez.

Apple Macintosh ordenagailua, artxiboko irudi batean. (Europa Press)

Gaur 39 urte, 1984ko urtarrilaren 24an, Apple Macintosh lehen ordenagailua atera zuen merkatura Steve Jobs Apple enpresako sortzaileetako bat zenak, eta sagu bat erabiltzen zuen komando lerroaren ordez. Une historikoa izan zen, informatikaren aro modernoaren hasiera gorpuzten duelako.

Aurrez Apple enpresak ordenagailu bat merkaturatu zuen, Apple Lisa, eta bazituen Macintoshek zituen berritasunak, baina 10.000 dolar –9.368 euro– balio zituen, eta Apple Macintoshek 2.495 dolar –2.337 euro–. Bien arteko diferentzia handia zen, eta nahiz eta Macintosh ez izan mundu guztiarentzako eskuragarria, behintzat, AEBetako klase ertainaren esku bazegoen, askotan kreditu bat eskatu edo epeka ordaindu behar bazuten ere.

Apple Macintoshek informatika birdefinitu zuen, eta bere filosofia aldatu gabe mantendu zen hurrengo hiru hamarkadetan. Ordenagailu horretako saguak botoi bakarra zuen. Bitxikeria gisara, salgai zeuden lehen modeloek Macintosheko kideen sinadurak zituzten moldaturik karkasaren barruan, besteak beste, Steve Wozniakena eta Steve Jobsena.

Hasiera, baina, ez zen erraza izan. Berehala jakin zen interfaze grafikoak eta hardwareak memoria dezente kontsumitzen zutela, RAM memoria biziaren 128Kb motz geratzen ziren programa gehienetarako. Arazo hori konpondu zen urte bereko irailean, baldintza horiek betetzen zituen antzeko ordenagailu bat merkaturatuta.

Gainerako enpresak erreakzionatu egin zuten, eta urtebete baino gutxiagoan, Microsoftek Windows 1.0 merkaturatu zuen. Orduz geroztik, ordenagailu guztiek sagua eta interfaze grafikoa dute.