2023 URT. 28 Gaur X urte Abortua legeztatu zuen mendebaldeko lehen herrialdea izan zen Islandia, duela 88 urte 1935ean abortua legeztatu zuen mendebaldeko aurreneko herrialdea izan zen Islandia. Arrisku larri bat egotea, etxean zailtasunak izatea, egoera ekonomiko txarra edo etxekoren baten osasun kaskarra argudiatuz eten zezaketen emakumeek haurdunaldia, baita zortzigarren astetik aitzinera ere. 2022ko irailaren 28an, abortua babesteko egunean, Italiako Turinen egindako manifestazio bat. (Marco ALPOZZI | EUROPA PRESS) GAUR8 Arrazoi mediku eta sozialengatik onartu zuen Islandiak duela 88 urte emakumeei beren haurdunaldiaren inguruan erabakitzeko eskubidea aitortzea. 38 zenbakia zuen lege hari esker, haurdunaldiarekin ez segitzea erabakitzen zuten emakumeak kriminalizatzeari utzi zioten 1935eko urtarrilaren 28an. Europa iparraldeko irla-estatu honetako legeak 28. astera arte onartzen zuen abortua. Geroago arauak aldatu zituzten eta orain 22. astera arte baimentzen da, baina osasuna arriskuan badago soilik. Islandiak bidea ireki zuen eta hiru urtera Suediak jarraitu zion. Sobietar Batasuna izan zen lehena abortua legeztatzen, 1920an. Gaur egun haurdunaldia etetea erabakitzea legezkoa da Europako herrialde gehienetan. Amerika, Afrika eta Asian mugatuago dago eta herrialde batzuetan, debekatuta eta zigortuta. AEBetan, ilbeltzean bete ziren 50 urte ‘Roe vs Wade’ auzi famatutik. Epai hark abortua legeztatu zuen maila federalean, eta indarrean egon zen joan den ekainean Gorte Gorenak indargabetu zuen arte. Manifestazioak egin ziren herrialde osoan abortu eskubidearen alde.International Amnesty erakundearen datuek diotenez, munduko lau haurdunalditatik bat eteten da nahita. Legezkoa izan ala ez, abortatzeko zerbitzuak behar dituzte emakumeek eta praktika hau zigortzeak ez du eragozten, arriskutsuago egiten du bakarrik. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtero 25 milioi abortu egiten dira segurtasunik gabe.