GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

1981eko otsailaren 23an, Tejeroren arrakastarik gabeko Estatu kolpea Madrilen

1981eko otsailaren 23an, Antonio Tejero teniente koronela Madrilgo Kongresuan sartu zen aurrera egin ez zuen Estatu kolpea emateko. 42 urte geroago, gertaerak oraindik ez daude argi, espainiar erregeak izan zezakeen parte-hartzearen zurrumurruarekin.

Antonio Tejero Madrilgo Kongresuan 1981ko otsailaren 23an.

Gaur 42 urte, Antonio Tejero militar espainiarrak eta Guardia Zibilaren teniente koronelak Estatu kolpearen saiakera egin zuen Madrilgo Kongresuan. Guardia zibilen talde bat hemizikloan sartu zen eta diputatuak bahitu zituen, tiro batzuk airera botata.

Adolfo Suarez presidente espainiarrak dimititu egin zuen, eta Leopoldo Calvo-Sotelo hautagai berriaren inbestiduraren aldeko botoa ematen ari ziren Kongresuan. Pistola batekin armatuta, Tejero saioan sartu zen «¡Quieto todo el mundo!» oihu eginez Estatu kolpe militar bat emateko asmoz. Otsailaren 24ko goizera arte iraun zuen Kongresuko itxialdiak, eta porrot egin zuen laguntzarik ez zegoelako.

Juan Carlos Borbonek jakinarazpen bat eman zuen otsailaren 24ko goizaldean, «Konstituzioaren defentsan» eta Estatu kolpea kondenatzeko. Hala ere, urteetan zehar espainiar erregeak operazioan parte hartu zuela zabaldu da.

Antonio Tejero kolpistari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, errebolta militarraren delituagatik eta Guardia Zibiletik kanporatu zuten. 1993ko irailean hirugarren maila jaso zuen eta baldintzapeko askatasunean atera zen 1996ko abenduaren 3an.

Gaur egun, Estatu kolpeari buruzko dokumentu ofizialak oraindik sailkatuta daude. 2021ean, Espainiako Kongresuak Pedro Sanchezen Gobernuari eskatu zion 1981eko otsailaren 23ko gertakariei lotutako soinu dokumentuak, idatziak edo bideoak desklasifikatzeko, Sekretu Ofizialen Lege berriaren esparruan.