GAUR8 - mila leiho zabalik

Eire, ahots berria euskal musikaren eszenan

Hiru kantarekin berehalako oihartzuna lortu dute. Eire Salegi eta Eire Maiak gertuago dute egun bateko ametsa. Agertokira igo eta musika egitea. Apirilaren 6an eskainiko dute lehenengo zuzenekoa Gazte Topagunean.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Txikiak zirela nork bere etxean amesten zuen. Estadioa entzulez mukuru eta beraiek agertoki gainean, gehien betetzen dituena egiten, musika. Urte batzuk geroago ametsa partekatzen hasi ziren Eire Salegi (Zarautz, 2002) eta Eire Maia (Zumaia, 2002). Taldea sortuko zuten.

Betidanik elkarrengana lotu dituen soka estutu du ametsak. Elkarren eskutik egin dute orain arteko bidea Salegik eta Maiak Zumaian. Batera ibili dira eskolan zein herriko futbol taldean, eta koadrila berekoak dira.

Irudikatutakoa hurbilago dago. Apirilaren 6an Gazte Topagunean joko dute, Elorrion. «Emozionatuta gaude, oso. Jende asko egongo  da bertan eta kartela ikusita ‘flipatu’ egin genuen. Merina Gris, Zetak...», aitortu dute biek. Apirilaren 20an Donostian (Doka), apirilaren 22an Zumaian eta maiatzaren 19an Lizarran dituzte hurrengo hitzorduak zaleekin.

‘Bihar nola’, ‘Amaitu baino lehen’ eta ‘Agur esateko’. Hiru abesti kaleratu dituzte eta berehalako oihartzuna izan dute. Melodiak eta letrak sortzen ditu batak. Ekoitzi egiten ditu besteak. Abestiak etxeko logelan sortzen dituzte. Plazara ateratzeko ordua iritsi zaie. «Orain da momentua» diote, biek.

Idatzi, ekoitzi, grabatu, promozioa... dena bien artean egiten dute. Bideoklipak ere lagun artean sortu dituzte. Proiektuarekiko daukaten konpromisoa nabarmendu du Maiak. «Denbora asko eskaintzen diogu. Etengabe ari gara zer eta nola egin pentsatzen».

Musikak transmititzen duen egia da gakoa, bikotearen esanetan. «Produktua ez garelako funtzionatzen du gure musikak. Gugandik sortu da eta publikoak naturaltasuna baloratzen du; garena gara eta garena egiten dugu». Naturaltasun horixe bera agertzen dute kazetarioan grabagailu eta kamera aurrean ere. Ezin poza aurpegitik ezkutatu.