2023 MAR. 22 Andoni Txintxilla: «Kantauri itsasoan kristoren potentziala daukagu eta beste bide batzuk jorratu behar dira» Urtebeteko lana nahikoa izan du gastronomiako adituen arreta pizteko. Guía Repsolek banatzen dituen Eguzkietako bat eskuratu berri du Andoni Txintxillak. Egun bateko ametsa errealitate bihurtu du Zumaiako Artadi auzoan Carlos Gulinekin batera: Hamarratz jatetxea. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Xole Aramendi Mekaniko bezala 13 urtez aritu ostean 29 urte zituela ekin zion sukaldaritza ikasteari. «Sukaldea polita da, nire pasioa da, eta gauza berriak egiteak betetzen nau, hori bai, goxoak daudenak», adierazi du. Europa iparraldeko eta Asiako kontserbazio sistemak oinarri hartu eta bere jatetxera ekarri ditu. Naturari errespetua ardatz duen proiektua da. Garai batean bai, baina azken hamarkadatan gutxietsiak izan diren arrain espezieak platereratzen ditu Txintxillak. I+D eta tradizioa uztartzen dituen proiektu berritzailea abiarazi zuen duela urtebete. Jatetxea, laborategia, baratza, piszifaktoria –laster jarriko dute martxan–... ekosistema osoa garapen betean da. Mutrikuko Kardala Akuikultura Eskolarekin elkarlanean ari da aspalditik eta piszifaktorian akuikultura eta akuiponia bidez sortutako arrainak haziko ditu. «Bide komertziala hartzea da errazena baina ni ez nau betetzen –aitortu du–. Kantauri itsasoan kristoren potentziala daukagu eta beste bide batzuk jorratu behar dira». Ez da geldirik egotekoa. Ideiak borbor ditu buruan. Horietako bat, itsas lukainkak ekoiztea. «Gaur egun bederatzi patente ditut. Zefalopodoen zati ezberdinekin –orain arte jan edo erabili ez direnak– txorizoak, saltxitxoiak... egiten ditut. Orain produkzio lanak egiten hasiko naiz Europan saldu ahal izateko», iragarri du.«Landaredia ‘silvestre’ polita daukagu hemen bertan eta berreskuratze lanak ere ari gara egiten», kontatu du.