2023 MAR. 23 Gaur X urte Gaur 40 urte Ronald Reaganek “Galaxietako Gerra” proiektua aurkeztu zuen AEBetako Gobernuan ehun mila milioi dolar baino gehiagoko kostua eragin zuen arren, azkenean ez zen bururaino eraman Defentsa Estrategikorako Ekimena, gerora “Galaxietako Gerra” bezala ezagutu zena. Herrialdea misil balistikoetatik babestea zen planaren helburua. Laser espazialaren satelite bidezko defentsa-sistemaren irudikapen grafikoa. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Gaur 40 urte, 1983ko martxoaren 23an, Ronald Reagan presidente estatubatuarrak Defentsa Estrategikorako Ekimenerako proposamena aurkeztu zien herritarrei hitzaldi baten bitartez. Geroago, hedabideen bitartez, “Galaxietako Gerra” izenarekin ezagutuko zen plana. Proiektu hori ikuskatzeko Defentsa Estrategikorako Ekimenaren Erakundea (SDIO) abiarazi zuen. Estatu Batuak misil balistiko eta eraso nuklearretatik babesteko defentsa-sistemak eraikitzea aurreikusten zuen proiektuak, lurrean nahiz espazioko orbitan. «Gure herrialdeko komunitate zientifikoari dei egiten diot, arma nuklearrak eman zizkigun horri, orain bere talentu handiak gizateriaren eta munduko bakearen kausara bideratu ditzan, arma nuklear horiek ahul eta zaharkitu bilakatzeko bitartekoak sortzeko», galdegin zuen Estatu Batuetako presidenteak jendaurreko hitzartean. Reaganek amets zuen Defentsa Estrategikorako Ekimena ez zen inoiz guztiz garatu edo ezarriko, nahiz eta ehun mila milioi dolar baino gehiagoko kostua eragin zion Gobernuari. Defentsa Estrategikorako Ekimena 1993an amaitu zen ofizialki, Bill Clintonen Gobernuak agentziaren izena aldatu eta Misil Balistikoen aurkako Defentsa Erakundea martxan jarri zuenean. Hala eta guztiz ere, Defentsa Estrategikorako Ekimenaren baitan garatutako teknologiek sistema antibalistikoen bidea ireki zuten.