2023 MAR. 28 Zer dago gazteen arteko psikofarmakoen kontsumoaren gorakadaren atzean? Xabi Martinez Mendia EHUko OPIK taldeko kideak gazte eta nerabeen artean hazteari uzten ez dion psikofarmakoen kontsumoaren atzean dauden gakoak partekatu ditu GAUR8rekin. Arazo indibidual gisa tratatzen ari dira ondoez horiek, baina erro sozial argiak daude eta horiei heldu beharko zaie, planteatzen duenez. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Nerea Goti Estatu mailan psikofarmakoen kontsumoaren gainean egindako azken inkestaren datuak aztertu ditu EHUko OPIK ikerketa taldeak, joera horren atzean dauden determinatzaile sozialei erreparatuz. Kontsumo horiekin lotuta dauden arazoetara, egoeretara... hurbilduko da GAUR8 hurrengo alean, Xabi Martinez Mendia ikertzailearen eskutik. Adituak emandako datuen arabera, kontsumo horrek gora egiten jarraitzen du 14-18 urte bitarteko gazteen artean, eta batez ere neskak dira kontsumo datu altuenak dituztenak. Prozesu konplexu eta multifaktorialak daude errealitate horrekin lotuta, baina argi dagoena da hazteari uzten ez dion ondoeza dagoela erdian. Ikasketen inguruko autoexigentzia handia, esperientzia sexu-afektiboak, harreman toxikoak, egoera sozioekonomikoa... eta «orokortze prozesu bat non (gazteek) ikusten dute ezin dutela bizitza-proiektu finko bat eratu», aipatzen du ondoezaren eragileen artean. Sare sozialek sortarazten dituzten sentsazioak ere agertzen dira lehen plano horretan: irudi fisikoaren presioa eta bizitza idiliko gisa aurkezten diren horiek. «Hitz egiten dugunean antsietatea eta depresioa bezalako nahasmenduen gorakadaz hitz egin behar dugu poztasun edo ongizate inposatu baten gorakadaz», dio ikertzaileak. Gaineratzen duenez, «zaurgarritasun erraldoian» bizi den hori gaitasun pertsonalen eskuetan uzten da, arlo pribatuan, irakurketa kolektibo bat egin beharrean. Arazoari aurre egiteko zenbait proposamen egin ditu OPIK taldeak, hezkuntzaren munduan heziketa sexu-afektiboa lantzearen beharra azpimarratuz. Ondoez hori «era kolektiboan» ulertzeko beharra ere azpimarratu du, «eta ez haien bizitza partikularrean ematen den zerbait balitz». Pilulen kontsumoak «esanahi sozial oso handia du», adituaren esanetan, eta arazoari heltzeak eskala kolektiboago batean ulertzea eskatzen du, farmakoek eragiten ez duten eraldaketa sozial bat sistemaren erroetaraino heltzeko.