2023 MAR. 29 Gaur X urte Duela 17 urte, eguzki eklipse osoa izan zen munduko hainbat tokitan, partziala Euskal Herrian Eguzki eklipse osoa ikusteko aukera izan zuten Brasilen, Ipar Afrikan, Grezian, Erdiko Asian eta Mongolian gaurko egunez, duela 17 urte. Euskal Herrian eklipse partziala eta intentsitate baxukoa izan zen. Eklipsea Turkiatik. (Wikimedia Commons) 2006ko martxoaren 29ko goizean Eguzkia, Ilargia eta Lurra lerratu ziren, ordena horretan, eguzki eklipse osoa sortuz Brasil, Ipar Afrika, Grezia, Erdiko Asia eta Mongolian. Euskal Herrian, aldiz, partziala izan zen eguzki eklipsea eta intentsitate baxukoa. Ilargiak Eguzkiaren %25a estali zuen eta 11.23etatik 13.15etara izan zen hura ikusteko aukera, une egokiena 12.20etan izan bazen ere. Eklipse osoa ikusteko aukera munduko zenbait herrialdetan baino ez zen izan, ‘osotasunaren lerroa’ deritzonarengandik gertu zeuden horietan, hain zuzen ere, 200 kilometroko tartean. Brasilen ikusi zuten lehenik, Euskal Herriko 10.36etan. Ekialdera bidea hartu zuen gero, Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta Afrikako iparraldean ikusi ahal izan zuten. Mongolia iparraldean bukatu zen eguzki eklipsea 13.48etan. Turkian, Libian eta Nigerren izan zuen eguzki eklipseak intentsitate gehien. Bertan, eguneko argia itzaltzen joan zen Ilargiak Eguzkia estaltzen zuen heinean. Ondoren, sateliteko haranek izarraren argia islatzean koroa antzeko irudia sortu zen, «diamante eraztuna» deritzona. Fenomenoak jakin-mina ez ezik, izua ere sortu zuen zenbait zonaldetan. Turkiako Niskar herrian, esaterako, eklipsearen ondoren lurrikara bat gertatuko zela uste izan zuten hainbat biztanlek eta parke eta lorategietan kanpin-dendak jarri zituzten, badaezpada. Izan ere, 1999an izandako eklipsearen ondoren 20.000 hildako eragin zituen lurrikara jazo zen eta herritarrak berriz gertatuko zenaren beldur ziren, zientzialariek batak bestearekin harremanik ez zuela baieztatu bazuten ere.