2023 MAR. 31 Gaur X urte 1997ko martxoaren 31n 18 pertsona hil ziren Uharte-Arakilgo tren istripuan 26 urte dira Uharte-Arakilgo tren istripua jazo zenetik. 18 pertsona hil ziren eta 80 eta 100 artean zauritu. Makinista eta haren laguntzailea kondenatu zituzten ezbeharra haien arduragabekeriak eragin zuelakoan. Uharte-Arakilgo tren geltokia. (GAUR8) Pazko astelehena zen duela 26 urteko martxoaren 31 eta 243 bidaiari zeramatzan ‘Intercity Miguel de Unamuno’ trenak, 5 langilerekin batera. Istripua izan zuen Uharte-Arakilen eta 18 pertsona hil ziren. Beste 80 eta 100 pertsona bitartean zauritu ziren ezbeharrean. Bartzelona-Hendaia ibilbidea egiten ari zela, Gasteiz-Iruñea-Castejón ibilbidea egiten zuen trenarekin gurutzatu behar zuen Etxarri Aranatzen, baina zeraman atzerapena zela eta, Miranda de Ebroko aginte postutik erabaki zuten geltoki bat lehenago gurutzatzea, Uharte-Arakilen. Gidariek ez zuten behar zenean abiadura murriztu eta konturatu zirenean, larrialdietako balazta erabili beharrean lokomotoraren balazta zuzena erabiliz geldiarazi zuten trena eta errailetatik irten zen berehala. Erabaki hau arduragabekeria izan zelakoan makinista eta haren laguntzailea kondenatu zituzten gerora, ezbeharraren arduraduntzat jota. Makinistari bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten eta laguntzaileari 122.000 pezetako isuna. Uharte-Arakilgo herritar batek deitu zuen larrialdi zerbitzura, istripuaren berri emateko eta anbulantziak, suhiltzaileak eta helikopteroa bertaratu ziren, Nafarroakoak zein Gipuzkoa eta Arabakoak. Zaurituek eta haien senideek Uharte-Arakilgo herritarrek emandako babesa eta sostengua eskertu zuten, haiek izan baitziren larrialdi zerbitzuak heldu baino lehen zaurituak artatzen aritu zirenak.