2023 API. 16 Gaur X urte 33 urte pasa dira Remigio Mendiburu eskultorea hil zenetik Remigio Mendiburu eskultore hondarribiarra 1990ko apirilaren 16an hil zen, duela 33 urte, 58 urte zituela. Zurarekin lan egiten zuen, bere jatorrizko forma eta koloreak errespetatuz eta bere lanen artean aipagarriena Korrikaren lekukoa da, 1980ean egindakoa, euskarazko kulturarekin harreman oso estua baitzuen. Remigio Mendiburu Korrikaren lekukoarekin. (Euskaldunon Egunkaria | Wikimedia Commons) GAUR8 1931n Hondarribian jaio zen arren, txikitan bakarrik eta oinez Frantziara ihes egin behar izan zuen, Gerra Zibila hasita zegoela. 1956an hasi zuen bere ibilbidea artista bezala, 25 urterekin, Madrileko San Fernando Arte Ederretako Eskolan. Gero, Bartzelonara joan zen Sant Jordi eskolan ikastera. Han ezagutu zituen abangoardiako beste artista batzuk, esate baterako, Tapies, Guinovart, Llorens-Artigas, Miro, Mensa eta Brossa. 1960ko hamarkadan, Parisetik igaro ondoren, Gipuzkoako Gaur taldeko partaide eta sortzaile izan zen Basterretxea, Chillida, Ruiz Balerdi, Oteiza, Amable Arias, Sistiaga eta Zumeta artistekin batera. Urte horietan Euskal Herran nahiz nazioartean ibili zen eta hamaika erakusketa antolatu zituen. Ondoren, Intzako baserri batera joan zen bizitzera bere familiarekin eta geroago Hondarribira itzuli eta lantegia jarri zuen. 1980ko hamarkadaren amaieran, baina, B hepatitisa diagnostikatu zioten Mendibururi eta horrek bere produkzio artistikoa nabarmen murriztu zuen. Bartzelonako Ospitale Klinikoan gibeleko transplantea egin zioten eta hiri hartan bizi izan zen 1990ko apirilean hil zen arte. Donostiako San Telmo museoan ikusi daitekeen Korrikaren testiguaz gain, Leioan ‘Titulurik gabeko eskultura’, Jaizkibelen ‘Herrien elkartasuna’ eta bere sorterrian ‘Txoria’ eskulturak ikusi daitezke, besteak beste.