GAUR8 - mila leiho zabalik

Kirol minoritarioen emakume erreferenteak, ‘Aktiba zaitez’ programaren protagonistak

Jone Magdaleno taekwondolaria, Irati Mitxelena atleta eta Nahia Zudaire igerilaria izango dira ‘Aktiba Zaitez’ kanpaina berriaren protagonistak. Eskola jantokiko orduan, elikadurak eta ariketa fisikoak duten garrantzia bultzatzeaz gain emakumeen kirol lorpenak nabarmendu nahi dira.

Irati Mitxelena atleta «Aktiba Zaitez» kanpainan parte hartzen duen hiru kirolarietako bat da. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ikasturteko azken hiruhilekoarekin bat eginez eskola jantokietan garatzen den ‘Aktiba zaitez’ programak kirol minoritarioetan erreferente diren emakumeak izango ditu protagonista hirugarren edizio honetan.

Kolektibitateentzako sukaldaritzan diharduen Ausolan enpresak eta euskal kirol ez-profesionala eta errendimendu handikoa sustatzen duen Basque Team Fundazioak antolatzen dute kanpaina. Bizimodu osasungarria eta ariketa fisikoa bultzatzea da asmoa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetako jantokietan bazkari ordutegiko denbora librean garatuko den hirugarren kanpaina honek ekainaren 15era arte iraungo du, eta genero berdintasunak duen garrantzian jarriko du fokua, emakumeek kirol minoritarioetan egindako lorpenak nabarmenduz.

Hiru kirolarik hartuko dute parte programan: Jone Magdaleno taekwondolaria, Iratxi Mitxelena atleta eta Nahia Zudaire igerilaria.

Erronkak ikasleentzat

Kirolari bakoitzak praktikatzen duen kirola zertan datzan azalduko du eta erronkak edo ariketa fisikoak proposatuko dizkie ikasleei. Bultzatzaileen esanetan, elikadura osasungarria eramatearen garrantzia transmititzea da ideia, eta aldi berean erreferente femeninoak ikusaraztea eta sortzea, jantokiaren tartea aprobetxatuz.

Gogoratu dute, bestalde, kirol diziplina bat eta egunerokotasuna uztartzeko oso garrantzitsua dela bizimodu osasungarria izatea, fisikoki eta mentalki osasuntsu eta aktibo egoten laguntzen duela eta ezinbestekoa dela dieta orekatu bat izatea.