GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Alfredo Landa, Cannesen saria irabazi zuen nafarra

Duela hamar urte hil zen Alfredo Landa aktore nafarra. Urte batzuk lehenago, Goya saria jaso zuenean, iktus bat eman zion zuzenean, eta hori bere gainbeheraren hasiera besterik ez zen izan. Ehun pelikula baino gehiagotan aritu zen lanean, denontzako utzi zuen ondarea.

Alfredo Landak AISGE Saria jaso zuen 2003ko Zinemaldian, bere ibilbide osoarengatik (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

1960, 70 eta 80ko hamarkadetako Estatu espainoleko zinema izen gutxi batzuei lotzen dugu gure imaginarioan, eta horietako bat da Alfredo Landa aktore nafarra. Gaurko egunez hil zen Madrilen, 2013an, 80 urte zituela. Bere pertsonaia herrikoiak, askotan txapel txiki batekin jantzitakoak, oraindik ere ikonikoak dira, nahiz eta ezinezkoa den guztiak gogoratzea, 120 inguru film errodatu baitzituen zinemarako.

1962an debutatu zuen Jose Maria Forqueren “Atraco a las tres” pelikulan, eta horren atzetik bere ibilbidea ez zen gelditu gaixotu zen arte. 1970ko hamarkada izan zen arrakastatsuena, orduan estreinatu baitziren “No desearás al vecino del quinto” edo “Vente a Alemania, Pepe”. 30 filmetan baino gehiago antzerako pertsonaiari eman zion bizitza: matxista eta harroputza sexu kontuetan.

Horien ostean, 80ko hamarkadan, iritsi ziren maila bat igotzen lagundu zioten lanak, Mario Camusen “Los santos inocentes” eta Jose Luis Cuerdaren “El bosque animado”. Lehenengoan egindako lanagatik Cannesko Zinemaldiko Aktore Onenaren Saria irabazi zuen, eta bigarrenarekin Goya Saria. Bigarren Goya bat eskuratu zuen ondoren, 1992an, Cuerdaren “La Marrana” filman egindako lanagatik.

Errodatu zuen azken filmak 2007an estreinatu ziren, Jose Luis Garciren “Luz de Domingo” eta Juan Pablo Buscarinen “Arca de Noe”. 2008an Estatu espainoleko Zinemako Akademiak Ohorezko Goya eskaini zion –saria jasotzen ari zela ictus bat eman zion, zuzenean, eta zinema uztea erabaki zuen–. Urte horretan bertan, Kulturaren Vianako Printzea Saria ere eman zioten.